Durangoko Azokari babes eraginkorragoa emateko eskatu dute EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, Legebiltzarrean

Anboto 2014ko urr. 3a, 13:08

Durangoko Azokak aurrera egin ahal izateko, 2015eko aurrekontuan 170.000 euroko partida sartzea, eta 2016tik aurrera urtero 150.000 euroko diru-laguntza bermatzea eskatu dute EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, Eusko Legebiltzarrean.

Azokak euskal produkzio kulturalaren plataforma izaten jarrai dezan, gainerako instituzioei (Foru Aldundiei eta Durangoko Udalari) ere dagokien finantzazio partea bermatzeko eskatu zieten EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, Eusko Legebiltzarreko atzoko osoko bilkuran.

Komikabideetara bidali duen oharrean, EH Bilduk positibotzat jo du PSErekin lortutako akordioa, "azokaren biziraupen ekonomikoa bermatzen duelako". Estitxu Breñas legebiltzarkideak atzoko bilkuran azpimarratu zuenez, "Legebiltzarrak Durangoko Azokaren izaera estrategikoa aitortu du, eta euskara eta euskarazko kulturaren arnasgune eta erreferente nagusi gisa, haren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko urrats sendoa eman du".

Proposamen horren kontra bozkatu zuten, aldiz, EAJ eta UPyD alderdiek. EAJren bozeroaleak konpromezu handiagoa eskatu zien gainerako instituzioei: "Beharrezko jotzen dugu Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak diru laguntza egonkorrak ematea, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituztenen parekoak".

Durangoko Azokaren arduradunak Eusko Legebiltzarrean izan ziren, ekainean, eta erakundeei babes handiagoa eskatu zieten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!