Aldaketa gutxigaz, iazko mailan aritu gura dute Tabirako Baqueko talde nagusiek

Anboto 2014ko ira. 29a, 10:00

Emakumeek liga irabazi, eta igoera fasea jokatu zuten iaz; aurten Zuriñe Orube eta Maria Mugerza pibotak dira nobedade bakarrak; gizonetan Iskander de Diosek estreinako urtea izango du talde nagusian.

Tabirakok bere talde guztien jendaurreko aurkezpen ekitaldia egin zuen joan zen astean Landako kiroldegian. Gaztetxoetatik nagusietara aurten 51 taldek (hamabost federatu) eta 660 jokalarik jantziko dute Tabirako Baqueren elastikoa.


Jesus de Vicenteren aginduetara emakumeen taldeak liga irabazi, eta igoera fasea jokatu zuen iaz. Marka hori berdintzea oso gaitza da, baina horretarako lan egingo dutela adierazi du de Vicentek. Ariane Mendibek eta Ane Sarasolak taldea utzi dute, eta jokalari berri bi ekarri dituzte: Zuriñe Orube berriztarra eta Maria Mugerza sopeloztarra. Pibotak dira biak. Horiekin batera, gazteen taldeko Aitziber Ardanza hegal-pibota ere nagusiekin ariko da. Iaz, kadete mailan, Euskadiko selekzioagaz jokatu zuen: “Talde nagusiari lagundu diezaioke, eta apurka-apurka jokalari lez zailtzea eta esperientzia hartzen joatea gura dugu”.

Gizonen talde nagusia Iskander de Diosek gidatuko du aurten. Urte askoan kadete eta gazte mailetako taldeak entrenatzen ibili ostean, “motibatzeko horrelako erronka bat behar” zuela onartu du: “Ilusioz gainezka gaude”.
Taldeak baja bi ditu: David Tudela eta Xabi Balmaseda. Horien hutsunea Julen Maguregi hegalekoak eta Roberto Onaindia pibotak beteko dute. Biak dira durangarrak. Horiekin batera, erregionaleko taldean dabiltzan Paul Rodriguez eta Eneko Maurtua, eta gazteen taldeko Xabi Arroitajauregi ere nagusiekin arituko dira.
Iaz apal hasi zuen denboraldia taldeak, baina maila oso onean amaitu zuen. Hasieratik maila onean aritzea du aurten helburu

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!