15 ikuskizun, horietatik bi estreinaldiak, San Agustingo azken hiruhilekorako

Anboto 2014ko ira. 18a, 12:00

San Agustin kulturgunearen ikasturte honetako lehenengo hiruhileko programazioa aurkeztu dute Arantza Arrazola kulturguneko arduradunak eta Jon Kepa Garro Astarloa Kulturgintza erakundeko presidenteak.

Denera 15 ikuskizun dira irail, urri, azaro eta abendurako proposatuko dituztenak. “Oso zabala da eskaintza, gusto eta interes guztientzako modukoa”, azpimarratu du Arrazolak. Ahalik eta jende gehiena erakarri gura dute kulturaz gozatzera.

Estreinaldiak dira 2014. urteko San Agustin kulturguneko azken hiruhilekorako ekarriko dituzten emanaldietako bi. Batetik, antzerkian Durangoko Geroa antzerki taldean hasi zen den Paco Obregonek idatzi eta zuzendu duen Adiós, Chejov izango da urrian ikusgai. Urriaren 3an eta 4an, 20:00etan izango dira obra horren emanaldi biak. Durangoko Azokaren egitarauaren baitakoa izango da bigarren estreinaldia.

Abenduaren 8an, San Agustin kulturgunean eskainiko dute Organik dantza konpainiak eta Kepa Junkerak Txapeldun ikuskizun berria lehenengoz. Garaipenaz, bakardadeaz, presioaz eta beldurraz dihardu obra horrek.
Antzerkiari dagokionez, azaroan ere hitzordu berezia izango da Durangoko San Agustinen. Eneko Sagardoy durangarra protagonista duen Arkimedesen printzipioa eskainiko du, Maskarada taldeak azaroaren 23an. Katalunian publikoaren harrera oso beroa eduki duen Josep Maria Miró i Colominak idatziriko testuaren euskarazko bertsioa antzeztuko du Sagardoyk.

Kulturgunean ahalik eta kultur adierazpide anitzenei leku egiteko arduradunen helburuaren erakusle, musikak ere izango du urte amaiera orduko San Agustinen lekurik. Azaroan Cadaquesko Orkestra Ensembleak joko du, eta Travelling Brothers Big Band ariko da abenduan.

Formatu handiko kartelak
Kulturgunearen programazio zabalaren inguruko informazioa zabaltzeko formatu handiko kartelak ipini dituzte antzokiko sarreran, hiruhileko honetako emanaldien data eta ordutegien berri emateko. Arduradunek prentsaurrekoan azaldu dutenez, abuztua aprobetxatu dute, bestalde, San Agustin antzokiko komunak leku-aldatu eta irisgarritasun irizpideetara egokitzeko ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!