2013ko udal kontu orokorra errekurritu du EH Bilduk

Anboto 2014ko ira. 8a, 14:16

EH Bilduk (Bildu eta Aralar udal taldeak) prentsaurrekoa eman du kontu orokorrari eginiko alegazioa azaltzeko. Diotenez, udaleko soberakina ez da positiboa, negatiboa baizik. Gobernu taldeak ez duela kalkulu erreala egin esan dute. Gainera, 7,8 milioi euroko zorra ezkutatzea leporatu diote EAJri, eta partaidetza jardunaldi bat egitea eskatu diote, egoera ekonomikoa herritarrei azaltzeko.

EH Bilduren arabera, laster hasiko da ordenantza fiskalak eta aurrekontuak lantzeko eztabaida, eta hori baino lehen udalaren egoera ekonomikoaz informatu gura izan ditu herritarrak. "Egingo ez diren obra edo inbertsioak plazaratuz herritarrak berriz engainatu baino lehen, gauzak argi utzi behar direla deritzogu". Beraz, EAJ kritikatu dute hauteskunde aurretik egitasmo "birtual" batzuk saltzearren, eta zeharka bada ere, PSE-EE ere izan dute hizpide. "Biribilgunearen politika egiten dute", salatu du Dani Maeztuk, biribilguneak eta antzeko obrak iragartzen hasiko direla ohartaraziz. Udalak zenbait egitasmo garatu barik dauzka urteetan, eta EH Bilduren ustez, horretarako erabili bako kredituak ezin dira soberakin lez kontuan hartu. Gaur egungo egoera, "urteetako kudeaketa txarraren ondorio" dela diote. Maeztuk gazteleraz irakurri du oharra, eta Eider Uribek euskaraz.

Kontu orokor ofizialak dio 1,9 milioi euroko soberakin positiboa daukala udalak. Baina EH Bilduk adierazi du, kalkulua egitean foru araua jarraituz gero negatibo ematen duela, -360.000 euro hain zuzen ere. Antza denez, jaso bako kreditu batzuen zati bat aurrezki lez hartu dute udalean, baina kreditu hori zalantzazkoa izatera, ezin ei da kalkulurako erabili. Horrez gainera, udalak banketxeekin 7,8 milioi euroko zorra daukala argitu dute. Kontu-hartzaileak ere kontu orokorrean bertan islatu du hori, baina jeltzaleek datua ezkutatu dutela uste dute EH Bildukoek. Landako Gunearen zorra ordaintzeko ere 2,7 milioi euro geratzen direla gogoratu dute, eta zorra atzeratzen doan bitartean banku interesak goraka doazela.

Guzti horregatik, herritarrak informatzeko "gardentasun ekintza" bat egitea proposatu dio Uribek gobernu taldeari. Jardunaldi zabal bat egitea eskatu dio, herritarren parte-hartzeagaz. Bertan, hurrengo gaiak argitzea exijitu du koalizioak: zorra 7,8 milioi eurokoa ote den eta nondik datorren argitzea; kredituen interesak azaltzea; proiektu batzuetarako eskatu eta orain horiek finantzatzen ez dituzten kredituak daudela esatea; eta 2013ko soberakina negatiboa dela onartzea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!