Auto-ekoizpenek gune berria izango dute Durangoko Azokan

Anboto 2014ko ira. 2a, 09:50

Hasi da azokan parte hartzeko epea eta www.durangokoazoka.com webgunearen bidez eman daiteke izena, irailaren 30era arte. Berrikuntza nagusi bi egongo dira aurten: Parte hartzaileek erakusmahai erdia kontratatu ahalko dute eta autoekoizpenean dabiltzan kultur sortzaileek gune berezia edukiko dute.

 

Kultura arloan auto-ekoizpenerako joera ugaritu egin dela eta, norbanako ekoizleentzako gune bat egokituko dute 49. Durangoko Azokan. Antolatzaileek azaldu dutenez, "norbere lanak ekoiztea erabaki duen sortzaileari edota elkarteari zuzendutako espazio berezitua izango da eta izena ematen duten guztien partekatua". Gune berrian parte hartzeko gehienez bi produktu erakutsi beharko dute sortzaileek.

Horrez gainera, aurten, erakusmahai erdia kontratatzeko aukera egongo da. Horretarako, gutxienez hiru produktu eduki beharko dituzte erakusgai, eta erakusmahaia norekin partekatuko duten azaldu beharko dute parte hartzaileek.

Aurten abenduaren 5etik 8ra izango da Durangoko Azoka. Izen-emate orokorra atzo hasi zuen Gerediaga elkarteak eta irailaren 30a izango da azken eguna. Auto-ekoizpeneko gunerako, datak beste batzuk dira: Irailaren 15etik urriaren 15era eman ahalko dute izena.

 

Durangaldeko argitalpenak

Urtero moduan, Gerediaga elkarteak eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeentzako standa egokituko duela jakinarazi du, 'Durangaldeko argiltapenak' izeneko postuan, hain zuzen. Izena emateko Gerediaga elkartera jo behar da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!