Irati Ortubia, biolontxelista: "Hari instrumentuekin doinu dantzagarriak jo gura ditugu"

Anboto 2014ko uzt. 10a, 15:45

Donostiarra da, baina hamalau urte daramatza Irati Ortubia biolontxelistak Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskolan irakasle. Ikasturte honetan beragaz Durangoko musika eskolan jardun diren Lerman Nieves eta Tomás Ruti lankideekin eta beste hiru musikari lagunekin sortu du Yacambú taldea. Uda Kalean Bizi ekimenaren harira, gaur eskainiko dute lehenengo kontzertua, Durangoko Ibaizabal parkean.


Zelan aurkeztuko zenuke Yacambú taldea?
Lerman Nieves lankideak aspaldi zeukan pentsatua ukitu bereziko hari instrumentu talde bat osatzea: musika latinoa egingo zuena, hain zuzen. Musika klasikoari oso lotuak daude hari instrumentuak, eta musika-tresna horiekin doinu dantzagarriagoak jo gura ditugu.

Zelan sortu da proiektua?
Aurten gauzatu ahal izan dugu Lermanen aspaldiko nahia; izan ere, taldekideetako hiruk Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskolan lan egin dugu ikasturte honetan. Lerman eta biok irakasle gara bertan, eta Tomás Ruti ordezkapen bat egiten egon da Durangon. Elkarrekin geundenez, aprobetxatu egin dugu.

Nievesen perkusioagaz eta zure biolontxeloagaz batera diharduten musikariek zer jotzen dute?
Tomás Rutirena da taldeko lehenengo biolina. Orkestra gazte batean elkarrekin ibilitakoak gara. Irungo orkestran elkarrekin askotan jo dugu Lermanek, Tomasek, Leire Hipolito bigarren biolinak eta nik. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Durangoko emanaldian, Iraide Sarria kanpoan dagoenez, Maider Lopezek joko du biola. Lerman batez ere perkusioaz arduratuko da, eta Jose Antonio Gómez ariko da kontrabaxuan.

Zelako kantak joko dituzue Durangoko emanaldian?
Errepertorioa elkarrekin erabaki dugu entseguetan, baina Lerman Nievesek moldaturikoak dira joko ditugun gehienak: musika latinoa. Errepertorio latinoa eta klasikoa daukagu, eta zabalik gaude edozein eratako emanaldietan parte hartzeko. Durangon jazzeko standarrak ere eskainiko ditugu, eta hori hari instrumentuekin entzutea ez da oso ohikoa.

Bestelako musika jotzeko aukera da Yacambú zuentzat?
Bestela ere denetarik jotzen dugu, baina egia da proiektu honek badaukala ukitu berezi bat. Zelanbait bada berria guretzat: oso aberasgarria da hemen hain ohikoak ez diren erritmoak jotzea. Lerman venezuelarra da, eta nabari da horren eragina ere: oso argi dauka danzón edo mambo batek zelako soinua izan behar duen.
 
Kalean aritzea gogoko duzue?
Bai, izan ere, entzulea beste jarrera bategaz egoten da kaleko aire zabaleko kontzertuetan. Ez da areto batean bezala izaten, aretoetan eztula egiteko ere beldur izaten gara eta [Barrez]. Kalean jotzeko aproposena den errepertorioa iruditzen zaiguna aukeratu dugu. Testuinguruaren arabera moldatzen dugu kanten zerrenda. Taldearen itxurari dagokionez, bestalde, ez gara ohi bezala beltzez joango, eta egoteko modua informalagoa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!