Ainhoa Imaz: "Lan barik gelditu direnei erantzun bat ematen saiatzen gara, ikasketekin jarraitu dezaten"

Anboto 2014ko uzt. 11a, 11:35

Irailean, ikasturte berria heltzean, Durangoko Helduen Hezkuntzako Ikastetxeko (HHI) gelak berriro ere ikaslez beteko dira. Lan arloan etorkizun hobea topatu guran, 18 eta 50 urte arteko ikasleek oinarrizko tituluak atera edo goi-mailako ikasketak egin ahal izateko sarbide probak prestatuko dituzte. Denek dute helburu bera: lana aurkitzen lagunduko dien formakuntza osatzea.



Zer da HHI?
HHI helduen hezkuntzako ikastetxea da. Krisi garai honetan, DBHko titulua edukitzea ezinbestekoa da edozein lanetarako. Titulu hori ez dutenak edo bere sasoian  Lehen Hezkuntzako graduatua atera zutenak, gaur egun baliorik ez duenez, titulua ateratzera etortzen dira, behin 18 urte izanda. Bestetik, atzerritik etorri diren beste pertsona batzuk hizkuntzak ikasteko dituzten aukerak euskaltegiak edo HHI dira.  

Hezkuntza eskaintza oso zabala duzue. Zein formazio eskainzten duzue?
Batetik, oinarrizko tituluak eskuratzeko helburua dutenak etortzen dira. DBHko titulua ateratzeko nagusientzat aukera bakarra HHIra etortzea da. Lehen Hezkuntzako ikasketak ere eskaintzen ditugu. Eskolatik inoiz pasatu ez direnak ere etortzen dira. Bestetik, irakaskuntza ez-arautua ere eskaintzen dugu. Sarbide probak prestatzeko laguntza eskaintzen dugu. Lanbide Heziketako goi-
mailarako sarbide proba eta unibertsitaterako sarbide proba ere prestatzen ditugu. Era berean, informatika eta ingeles arloko hainbat ikastaro ere eskaintzen ditugu.
 
Zenbat urte daramatzazue martxan?
20 urte inguru pasatu dira zabaldu zenetik. Leku askotan egon da kokatuta. Institutuan, Produsan, San Roken eta, azken hamaika urteotan, hementxe,  Intxaurrondon. Hasieran alfabetatze taldeak ziren, idaztera eta irakurtzera etortzen ziren. Hezkuntza ez-arautu gehiago eskaintzen zen: gimnasia eta literatur tertuliak, esaterako. Hezkuntza erreforma etorri zenean sartu nintzen ni, Bigarren Hezkuntzako irakasle. Apurka-apurka hezkuntza arauturako bidea hartzen joan da. Langabezian gelditu direnei erantzun bat ematen saiatzen gara, ikasketekin jarraitu dezaten, eta oinarrizko tituluak atera ditzaten. Urtero 60 titulu baino gehiago sinatzen ditugu ikuskaritzan.

Urte hauetan hezkuntza aldaketa handiak gertatu dira. Zein eragin izan dute aldaketa horiek HHIn?
Ikastetxe honen hasierako ibilbidean Lehen Hezkuntzako graduatua zen indarrean zegoena. 1994. urteaz geroztik DBHren gaineko legea indarrean sartu ondoren, dena aldatu zen,  bai hemengo hezkuntza baliabideak, bai eskaintza.

Zer profil izaten dute HHIko  ikasleek?
Jende asko lanik barik gelditu da, eta etxean egon beharrean konturatzen da DBHko oinarrizko titulua beharrezko duela lan egiteko. Titulu hori ateratzeko hona etortzen da. 18 urte eta 50 urte bitarteko pertsonak dira. Beraz, aniztasun handiko ikastetxea da. Institututik datozen 18 urteko ikasleak izan ditzakezu bizitza guztia lanean eman duen eta langabezian gelditu den 50 urteko pertsona batekin gela berean. Atzerritar ugari ere izaten dugu. Asko sekula ez dira eskolara joan. Hona etorri, eta Lehen Hezkuntzako titulua ateratzen dute, eta astiro-astiro jarraitzen dute DBHko titulua atera arte. Informatika ikastaroetara datozenak, aldiz, teknologia berrietan alfabetatu nahi duten gizon-emakumeak dira.

Zein hizkuntzatan ematen dituzue eskolak?
Ikasketa gehienak gaztelaniaz eskaintzen dira, eskaera handiena horixe delako. D ereduko talde bat dugu, euskaraz funtzionatzen duena. Euskarazko talde bat sortzeko ahalegina egin dugu, sasoi batean ez zegoelako, eta jendea animatzen saiatzen gara talde horretara joateko. Goi-
mailako zikloetarako sarbidea prestatzeko euskarazko eta gaztelaniazko taldea dugu. Gehiagok prestatzen dute proba hori unibertsitaterako sarbidekoa baino. Ulertzen dut unibertsitateko tasak igo egin direla, eta, Lanbide Heziketan Durangaldean eskaintza hain zabala izanda, jendeak bide hori hartzen duela.
 
Hezkuntzan gertatu diren murrizketak zuek ere nabaritu dituzue?
Hurrengo ikasturtean Lehen Hezkuntzan hiru irakasle gutxiago izango ditugu. Atzerritarrentzat euskara eta gaztelania ikastaroak lehen hamar ordukoak ziren, eta hurrengo ikasturtetik aurrera lau ordukoak izango dira, Hezkuntza Sailak horrela erabaki duelako. Hezkuntza arautuari eman gura dio lehentasuna. Hala ere, orain arteko eskaintza mantentzen saiatuko gara.

Durangaldeko HHIren egoitza nagusia Durangon duzuen arren, beste herri batzuetan ere ematen dituzue eskolak.
Durangon egoitza nagusia dugu, eta hona etortzen dira ikaslerik gehienak. Hala ere, beste herri batzuetan ere badihardugu. Zaldibarko ospitale psikiatrikoan Lehen Hezkuntzako ikasketak emateko talde bat daukagu; Berrizen, Kultur Etxean, atzerritarren bi talde ditugu gaztelania ikasteko, goizetan; Zornotzan, Larreako ikastetxe publikoan, lau talde ditugu; eta Ermuan, liburutegiko azkenengo pisuan, atzerritarrentzako eskolak ematen ditugu, batez ere gaztelania ikasteko. Zornotzan eta Ermuan atzerritarrenztako ikastaroak, Lehen Hezkunztakoak eta informatika arlokoak ditugu.

Datorren ikasturteko matrikulazioa zelan doa?
Hasteko, ekainean egin daiteke matrikula, baina irailean eta urtarrilean berriro dago egiteko aukera, lau hileka funtzionatzen dugulako. Ikasturte hasierako matrikulan 650 lagunek eman dute izena. Ikasturte osoan, aldiz, 800 ikasletik gora izaten ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!