Etxepel zabaldu dute, etxebakoentzako laguntza etxea

Anboto 2014ko eka. 26a, 13:08
Carlos Bargos eta Esther Bilbao, Caritaseko kideak Jose Agustin Maiz Andra Mariko parrokoarekin.
Beroa, babesa, atsedena... Caritaseko Carlos Bargosen berbetan, etxeagaz lotutako sentsazio horiek guztiak eskaini gura dizkiete etxebakoei Intxaurrondon zabaldu duten zentro berrian. Etxepel izenagaz bataiatu dute etxebakoak gizarteratzeko proiektu berria, eta goizean egin dute aurkezpena.


Durangoko Caritas-Tabira elkarteko Esther Bilbaok kontatu du nondik datorren egitasmoa: “Aspalditik sentitzen genuen etxebakoei laguntzeko premia, baina ezin genuen”. Duela urte bi forma ematen hasi, eta Intxaurrondoko Jesusen Mirabeen komentutik etorri zitzaien notizia: mojak etxetik joan, eta hamar urterako utzi zioten Caritasi. Elkartean talde bat sortu dute Etxepel gidatzeko, eta Bilbaoren arabera gizarte eragileak inplikatzea gura dute.

Eguneko zentroa, gaueko pentsioa eta hiru etxe autonomo edukiko ditu Etxepelek. Guztira, 40 lagunentzako lekua. Oraindik, baina, eguneko zentroa bakarrik dago martxan. Etxebakoek zerbitzu ugari dute bertan: jatekoa, higienea, atseden hartzeko egongelak, ortuan lan egiteko aukera, irteerak... Pentsiorako eta etxeetarako finantziazioa beharko dute; momentuz, Caritas Bizkaia, Tabira-Durango parrokiako komunitatea, enpresek eta partikularrek finantzatzen dute.


Jose Agustin Maiz Andra Mariko parrokoak azaldu du proiektuak alderdi pastorala eta eraldatzailea ere badauzkala. Eliza eta gizartea aldatzea dauzkate helburuen artean: “Gizarte honek ez gaitu konbentzitzen; justizian oinarritutako gizarte bat nahi dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!