Euskal kultur sistema sendotzeko neurriak zehazteko lanean, San Agustinen

Anboto 2014ko eka. 12a, 14:00
Platerueneko ordezkariak, euren ekarpena egiten. Argazkia: Iban Gorriti
Guk Geure Kulturaz ekimenaren deialdiagaz bat egin duten kultur eragileak elkartu dira, gaur, Durangoko San Agustin kulturguneko lansaioan.

 

Kultur sortzaileak; herri mugimenduko, erakunde publikoetako zein pribatuetako antolatzaileak; hezitzaileak, eta kazetariak elkartu dira, Guk Geure Kultura ekimenaren bigarren deialdi honetara.

Otsailean 150 lagun batu zituen lehenengo topaketaren ostean, euskal kultur sistema osasuntsuago eta sendoago baten aldeko 'Premiazko Neurrrien Egitasmoa' zehazteko helburuz batu dira, Durangon, gaur: "Hutsuneak aztertu eta konponbideak eskaini" asmoz.

Besteak beste, sortzaileak gizartean duen garrantzia gizarteratzeko bideak, edota finantziazio arazo latzari  aurre egiteko moduak izan dituzte eztabaidagai.

Goiz eta arratsaldez jardungo dira San Agustin kulturgunean talde-lanean, eta egunaren amaieran denen ekarpenekin zehaztuko dute Guk Geure Kulturaz ekimenetik sortutako 'Premiazko Neurrrien Egitasmoa'.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!