Bisitariak museora erakartzeko, alpistea eta eztia sarreran

Anboto 2014ko api. 9a, 11:04
Zilar Asteko egitarauaren barruan, Durangoko Arte eta Historia Museoan atondu zuten, atzo, Arte Plastikoen fabrika. Esku-hartze artistikoa egin zuten museoaren sarreran.

 

Zilar Asteko egitarauaren barruan, Durangoko Arte eta Historia Museoan atondu zuten, atzo, Arte Plastikoen fabrika. Museoaren sarreran esku-hartze artistikoa egin zuten, 80. hamarkadan Durangaldean jaiotako hiru artistak. Karlos Martinezek, Miriam Peñak eta Ander Lauzirikak, ekintza burutu ostean azaldu zuten metafora adierazi gura izan zuten ekintza horregaz: jendea museora erakartzearen paralelismoa egiteko, alpistea eta eztia ipini zituzten sarrerako pilareetan, txoriak erakartzeko.

Bi orduz jardun ziren artistak museo sarrerako ekintza artistiko hori burutzen, eta Arte eta Historia Museoaren barruan, Mikel Onandia artearen historialari eta kritikariagaz, bertaratutako entzuleei euren esperientzia eta asmoak azaldu zizkieten.

Mikel Onandiak azpimarratu zuenez, artista gazteen ekintzak “indarra dauka, artearen izaera prozesuala, sortzearen esperientzia erakusten duelako, eta leku eta une bati loturiko esperientzia errepikaezina delako, denboragaz desagertuko delako”. Miriam Peñak esan zuen, kalean zehar dabilen jendeak parte hartu ahal izateko aukera eman zezakeelako aukeratu zutela ekintza hau burutzea.

Hain zuzen, sorkuntzeak, “egiteak”, daukan garrantzia erakustea da 2014an Plateruenaren bueltan batutako Durangoko kultur eragileek eduki duten helburua: fabriketan bezala, amaituriko produktua bakarrik ez, baizik produkzioaren martxa ere erakustea: artelanaren sortze-prozesua.

Datozen egunetarako ere, egitarau zabala eskainiko du Zilar Asteak:

Apirilaren 9an, Udal Liburutegian, eta Hitz eta Urrike liburu dendetan

Literatura fabrika
· Literatura ere artea da erakusketa
· Literartetrukea

Apirilaren 10ean, Alde Zaharrean

Zilarginon fabrika, Plateruenean
· Arte ttipi tailerrak, 10:00-12:00
· Artea gastronomian, 13:00etan
Kale lantegia
· Hanka baltzon artea, 19:00etan

Apirilaren 11n, Bartolome Ertzilla musika eskolan

Musikaren fabrika
· Birziklapenaz doinua tailerra

Apirilaren 12an, Sapuetxe gaztetxean

Argazki fabrika
· Zaloa Fuertesen ‘Egun bat, argazki bat’ erakusketa, 12:00-14:00/18:00-20:00
· Zure begirada da! ikastaroa, Zaloa Fuertes gidari, 18:00-20:00

Literatura fabrika, Udal Liburutegia
· Abangoardiak euskal literaturan tailerra, Iñigo Aranbarri idazleagaz

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!