Udaletxe plaza txakur eta herritarrez beteta, berdegune bat eskatzeko

Anboto 2014ko api. 8a, 21:05
Hainbat herritarrek egindako deia arrakastatasua izan da: dozenaka pertsona agertu dira txakur eta guzti udaletxe aurrera. Bertan, legea betetzeko eskatu dute; txakurrak solte ibiltzeko berdegune bat edota ordutegi bat ezartzea.

Protesta deigarria egin dute Durangoko udaletxearen aurrean. Dozenaka lagun txakur eta guzti agertu dira irudi berezia sortuz. Mobilizazio isila izan da, baina txakurren zaunkek zaratatsu bihurtu dute.

Euren ustez, eskaera zentzuzkoak dira plazaratu dituztenak. Txakurra lotuta eroan behar dute beti kaletik, eta animaliek solte ibiltzeko lekuren bat behar dutela azaldu dute. Horregatik, berdegune bat horretarako egokitzea eskatu dute. Bestela, parkeren batean ordutegi bat aukeran ipintzea. Eusko Jaurlaritzaren legeak ere jasotzen du txakurrek aukera hori eduki behar dutela, eta udalek horretarako lan egin behar dutela.

Herritar hauen ustez, horrelako neurri batek txakurrak dauzkatenen eta ez dauzkatenen arteko elkarbizitza hobetuko luke.

Protesta egin dutenen mugimendua era naturalean sortutakoa dela azaldu du Natalia Zuazuak. Landakoko berdegune batean elkartzen diren herritar batzuen iniziatibaz sortutakoa eta denboran zehar indarra hartzen joandakoa. Azaldu dute udalagaz tratuan ibili izan direla, baina soluziorik ez dutela jaso eta gainera azken aldian egoerak okerrera egin duela. Antza denez, udaltzainak gainean izaten dituzte, eta jarraituak eta mehatxatuak sentitzen dira.

Soluzio bat gura dute, eta protesta honen ostean udalak jarrera aldatuko duen esperantza daukate.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!