San Agustinen eskainiko du Kriskitinek ‘Erbestea aberri’ ikuskizuna, zapatuan

Anboto 2014ko mar. 26a, 09:53
Duela urtebete, Durangoko Plateruenak herriko hainbat kultur eragilegaz migrazioei buruz antolaturiko Zilar Astea ekimenaren barruan aurkeztu zuen Kriskitin dantza taldeak 'Erbestea aberri' ikuskizuna. Lehen saio hura osatu eta hornitu egin dute, eta martxoaren 29an, 20:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute ikuskizunaren azken moldaketa.

 

Zilar Astean aurkezturiko lan horretan sakondu dute aurten, eta ikuskizuna luzatu, Inma Garrastatxuren zuzendaritzagaz. Hainbat testigantza gehitu dizkiote urte honetan hasierako lan hari; atzerritik gurera etorritakoenak zein Euskal Herritik atzerrira joandako jendearenak. Lehen saio hura osatu eta hornitu egin dute, “ikuskizuna biribiltzeko”. Martxoaren 29an, 20:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute ikuskizunaren azken moldaketa.

Duela 25 urte baino gehiago dantza taldea osatu zutenetik egin izan duten bezala, euskal dantzen tradizioa oinarri hartuta, baina berritasuna bilatuta sortu du Kriskitinek Erbestea aberri: Zilar Astean, herri ekimen kulturalaren barruan, sorturikoa da kontatzen den istorioa, eta horri egokiturikoak musika eta dantza pausoak. Kriskitineko hemezortzi dantzarik parte hartzen dute ikuskizunean: 16 eta 50 urte artekoak.

Denborarik eta lekurik bako espazio batean kokaturikoa da ikuskizuna, eta gogoeta bat da sorkuntzaren ardatza: “Gatazka politikoak edo beharrizan ekonomikoak bultzatuta, behartuta, hartutako erabakia da migratzea”.

Migratzailearen azalean ipini dute Kriskitineko sortzaileek euren burua, eta horixe proposatuko diete San Agustin kulturgunera hurreratzen diren ikusleei ere. Ikusleak hunkitu gura dituzte, baina, aldi berean,  hausnarketa egitera bultzatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!