Durangoko institutuko klaustroak LOMCE ez aplikatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Anboto 2014ko mar. 24a, 11:06
Eguenean egindako klaustro bileran idatzi bat bidaltzea erabaki zuten irakasleek. Eguen honetan ikasleek greba egingo dute LOMCEren kontra, eta irakasleek elkarretaratzeak egingo dituzte institutu aurrean.

 

Fray Juan de Zumarraga institutuan idatzi duten gutunean, hezkuntzan egin diren "murrizketa basatiak" salatu dituzte eta LOMCEk Euskal Herriko hezkuntzari eraso egiten diola kritikatu dute, "funtsezko gaietan" eraso egin ere. Curriculum propioa garatzeko muga dela azaldu dute irakalseek adostutako idatzian, eta orain arte euskal hezkuntzak egindako bidean atzerapausuak dakartzala, euskararen normalizazioan eta ikasleen heziketa integralean, besteak beste.

Hezkuntza erreformarako proposamenak, "Estatuaren berzentralizazioa" dakarrela salatu dute, eta ebaluazio irizpideak kritikatu dituzte: "Irakasleen lana kanpoko azterketen prestaketara mugatu nahi dute". LOMCEk hezkuntza komunitatearen parte-hartzeko aukerak murriztuko lituzkela ere esan dute.

Klaustroan onartutako testua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari bideratuko diote. Idatziaren amaieran, hezkuntza sailari LOMCE bertoko eskoletan sekula ez aplikatzea eskatu diote, eta curriculum propioa eraikitzen joateko eskaria ere egin diote.

 

Eguenean, greba

Bestalde, eguen honetan institutuko ikasleek egingo duten greba dela-eta, irakasleek institutu aurrean elkarretaratzean egiteko asmoa agertu dute. Atsedenaldietan irtengo dute institutu atera, 10:30etik 11etara eta 11:30etik 12:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!