"Osasun arloa euskaldunduko bagenu, euskara salbatuko genuke"

Anboto 2013ko urr. 23a, 12:52

Argi dauka Aitor Montesek: \"Kalitatezko osasun arreta erabiltzailearen hizkuntzan eskaintzen dena arreta da, ez besterik\". Osasun arloa euskalduntzeko bidean dabil mugitzen, eskariak plazaratu eta Osakidetzan presioa egin guran. Bere ikuspegia azalduko du gaur, 20:00etan, Plateruenean emango duen berbaldian

Argi dauka Aitor Montesek: "Kalitatezko osasun arreta erabiltzailearen hizkuntzan eskaintzen dena da, ez besterik". Osasun arloa euskalduntzeko bidean dabil mugitzen, eskariak plazaratu eta Osakidetzan presioa egin guran. Bere ikuspegia azalduko du gaur, 20:00etan, Plateruenean emango duen berbaldian.

 

Zure aldarrikapenetako bat historia klinikoa euskaraz egon ahal izatea da.

 

Helburua haratago doa, baina historia klinikoa giltzarria da. Osakidetzan, euskara zerbitzu hizkuntza izateaz gainera, lan hizkuntza izatea lortu beharko genuke. Horretarako neurri zehatzak hartu behar dira. Bat da aplikazio informatikoak euskaratzea; gero, bestetik, erakundearen barruan euskara zirkuituak sortu behar dira. Ereduak ere sortu beharko lirateke, hezkuntzan bezala, horrela, jendeak aukera egin dezan.

 

Zer esan gura duzu euskara zirkuituekin?

Gaixoak ibilbide bat egiten du: Familiako medikuarengana etortzen da belauneko mina daukalako, adibidez. Nik pentsatu dezaket meniskoa apurtuta daukala, eta erradiografia teknikariarengana bidaliko dut. Durangon, Landakotik Ezkurdira bidaliko zaituzte ziurrenik plakak ateratzera. Gero handik traumatologoarengana joan beharko duzu... Ibilbide bat dago. Identifikatu beharko lirateke langile euskaldunak, eta euskara teknikoan trebatu. Zertarako? Osasun arreta euskaraz eskaintzeko, baina ez ahozkora mugatuta, idatzizko harremanetara ere bai. Zu nigana bazatoz, euskaraz egingo dugu, idazten dudana euskaraz egongo da, txartela ere euskaraz, eta traumatalogoak ere euskaraz hartuko zaitu, eta berak idazten dituen txostenak euskaraz egongo dira. Dokumentazio hori guztia historia klinikoa da. Historia klinikoa euskaraz badago, horrek berez dakar osasun arloa euskaratzea.

 

Zer zailtasun dago historia klinikoa euskaratzeko?

Borondate kontua da. Zailtasunik ez. Katalunian osasun arreta ahoz eta idatziz katalanez daukate. Mentalitate kontua da. Hezkuntzan, prentsan... aurrerapen asko egin ditu euskarak. Baina osasun arloan ez gara ausartu. Inor ere ez da ausartu. Ez langileok, ez erakundeak... Gizartea bera ere ez da ausartu euskalduntzea eskatzera. Osasun arloan muga psikologiko moduko bat dago.

 

Gaixoekin euskarari buruz berba egiteko aukera izan duzu?

Ez. Mito bat dago: Beti pentsatu izan dugu idatzizko paperak, odol analisiak, ekografiak edo bestelakoa izan, euskaraz ulertezinak direla. Nire ustez, medikua izanik, erresonantzia baten informea ez da erraza gaztelaniaz ulertzea. Ezta beste edozein hizkuntzatan ere. Beti eman zaio garrantzia arretari berari, kalitateari, eta mito hori ez dugu apurtu: Garrantzitsuena medikua da, baina jakin beharko genuke kalitatea eta hizkuntza banaezinak direla. Kalitatezko osasun arreta erabiltzailearen hizkuntzan eskaintzen den arreta da, eta ez besterik. Hori mundu mailan onartuta dagoen egia da.

 

Zeuk esana da osasun sistemak euskararen osasunean eragin dezakeela.

Orain arte, euskararen normalizazioan lehentasuna hezkuntzari eta hedabideei eman diegu. Zein da hurrengo pausoa? Zer dago gizartearen erdigunean Karrantzatik Oihartzunera? 30.000 langile baino gehiago ditu Osakidetzak. Inguruan mugitzen den jendeagaz, 40.000 baino gehiago. Adin guztietako jendea joaten da kontsultetara, eta harreman asko egoten dira egunero. Osasun arloa euskaldunduko bagenu, euskara salbatuko genuke.

 

Osakidetzaren euskara plana 2012an amaitu zen.

Osakidetza orain dela 30 urte sortu zen. Handik hogeita bi urtera sortu zen lehenengo euskara plana. Azken ebaluaketa iaz egin zen. Haren arabera, lehen euskara plana ez da osotasunean bete, helburuetatik oso urruti geratu da, baina gainera, ez zen plan egokia. Lanorduen luzapena euskalduntzeko erabiltzea proposatu duzu. Legeak eskatzen du lanorduak luzatzea, eta baita osasun arreta euskaraz ematea ere. Aukera ona da legea bete nahi badute legea betetzeko:

 

Lanorduaren luzapena euskalduntze prozesu baten inbertitu daiteke.

Horrekin lortuko genuke trebakuntza saioetan lanpostuak betetzeko orain kalera bota dituzten ordezko guztiak berriro sartzea; bide batez, ordezko euskaldun asko. Baina horretarako asmorik ez daukatela uste dut, diru gehiago beharko litzatekeelako. Ordu gehiago eta merkeago lan egitea da kontua. Lehentasun kontua da. Zer nahiago duzu, euskara ala AHTa? Euskara ala San Mames Barria? Euren lehentasunetan inbertitzen dute.

 

Zer diote gaiari buruz Osakidetzako lankide eta langileek?

Denetarik topatuko duzu. Jende askok aurkako jarrera dauka, hizkuntza eskakizuna inposaketa bat dela diote. Nik kontrakoa esango nieke. Pribatizatzeko mehatxua dagoen honetan, Osakidetza erakunde publiko moduan babesteko bide egokiena euskara bultzatzea da. Zure proposamena zerbitzu euskaldun bat sortzea bada, hori enpresa pribatu batek ez luke egingo, euren hitzetan ez da ekonomikoki bideragarria. Hori egin dezaketen bakarrak erakunde publikoak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!