Udal tasetan %2,2ko igoera onartu dute EAJk eta PSE-EEk

Anboto 2013ko urr. 23a, 10:57

Hobariekin, familia kaltetuenei lagunduko dietela uste du PSE-EEk

Durangarrek %2,2 gehiago ordaindu beharko dituzte 2014ko udal tasak. Martitzenean egindako udalbatzarrean onartu ziren ordenantza fiskal horiek, EAJ eta PSE-EEren babesagaz. Sozialistek hamabi zuzenketa egin zizkioten jeltzaleen proposamenari, eta horietatik bakarra geratu da onartu barik. Modu horretan, krisiagatik kaltetuenak diren familiei lagunduko dietela adierazi zuen PSE-EEko Pilar Riosek. Goiztidi Diaz jeltzalearen ustez, ez da erraza oreka mantentzea: “Beti ezin dira tasak izoztu”. Langabetuei lagunduko dietelako pozik agertu zen EAJko bozeroalea.

 

Tasen igoeraren aurrean, zenbait hobari ezarri dituzte. Esaterako, PSE-EEren zuzenketa izan da zaborren tasan %80ko hobaria ematea langabezian daudenei. Horrez gainera, langabetuek zabalduko dituzten komertzio berrietarako lizentzietan %75eko hobaria egongo da.

 

Bilduk, Aralarrek eta PPk ez dituzte ordenantza fiskalak babestu. Eider Uribek (Bildu) azaldu zuen zerga sistema progresiboa ezarri beharko litzatekeela, errentaren arabera kobratuta. Gainera, udalaren zerbitzuen azterketa egitea, eta horien kostuen datuak eskatu zituen. Hari beretik, Dani Maeztuk (Aralar) kritikatu zuen gobernu taldeak ez duela ondorioen arabera jokatzen: “Ez duzue aurreikuspenik egiten”. Alderdi biek etxe hutsen jabeei gain zerga ezartzea gura zuten, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) edo zaborrena erabilita.

 

Juan Jose Gastañazatorrek (PP) azaldu zuen bere ustez gobernu taldeak gehiago egin zezakeela arazoak dituztenei laguntzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!