Casado: "Batasunik ez egotea oso negatiboa da; enpresariak pozik daude"

Anboto 2012ko aza. 9a, 12:38
Azaroaren 14ko grebaren harira, UGT sindikatuak eskualde mailako asanblada egin du gaur Durangon. Ostean, anbulategi aurrean kontzentratu dira 50 delegatu baino gehiago. Bertan izan da Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusia

Azaroaren 14ko grebaren harira, UGT sindikatuak eskualde mailako asanblada egin du gaur Durangon. Ostean, anbulategi aurrean kontzentratu dira 50 delegatu baino gehiago. Bertan izan da Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusia.

 

Datorren eguazteneko greba dela-eta aurrelanketan dabil UGT sindikatua. Gaur Durangon egon da Damaso Casado, sindikatuak EAEn daukan idazkari nagusia. Grebaren tamaina nabarmendu gura izan du: "Lehenengo aldia da Europako herrialde guztietan, sindikatu guztiek, mobilizazio bera egiten dutena". Adierazi duenez, 14an egun osoa kalean egoteko asmoa daukate. "Politikariei, egiten dabiltzanagaz norabide aldaketa bat egin behar dutela erakutsi behar diegu". Europa mailako mobilizazioa da. Casadok ELA kritikatu du, Europako konfederazioan mobilizazioa babestu eta hemen gauza bera ez egiteagatik. ELAgaz batera, LABek bat ez egitea ere ez du begi onez ikusi: "Batasunik ez egotea oso negatiboa da; enpresariak pozik daude". Azaldu du greba baino lehenagotik batasun horren bila dabilela UGT: "ELA eta LABi gutunak bidali dizkiet batasun sindikala bultzatzeko". Hiritar guztiak animatu ditu 14an kalera irtetzera.

 

Mauricio Garcia Durangaldeko arduradunak adierazi du eskualdean egoera txarra dela, eta irailetik hona espero baino kaleratze gehiago egin direla. "Lan erreforma aprobetxatzen dabiltza". Casadok esan du erreforma baliogabetzea itxaroten dutela: "Erreformaren kontra egin dugun salaketa Auzitegi Gorenean dago, eta espero dugu onartzea eta erreforma ilegala dela esatea". Oso gogor agertu da Raxoiren gobernuaren kontra. Esan du, badakiela dagoeneko PPko familia batzuk ere haserre daudela euren diputatuekin.

 

Batasuna, hitzarmen kolektiboetarako

Casadok dio batasun sindikala hitzarmen kolektiboei begira ere garrantzitsua dela. "Hitzarmen sektorialetan, EAEn dago blokeo handiena estatu osotik. Eta batasun sindikala ezinbestekoa da blokeoa apurtzeko". Azaldu du uztailera arteko epea dagoela sinatzeko. "Hitzarmenak desagertzen badira, soldatak jaitsiko dira. LAB nahiko ados dago gugaz, baina ELA ez. Hainbat sektoretan ELAk dauka gehiengoa, eta bera izango da hitzarmenak desagertzearen arduraduna".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!