San Fausto berritu gura dute, auzoko bizi kalitatea hobetzeko helburuz

Anboto 2013ko ots. 8a, 13:07
Ihobe erakunde publikoaren laguntzagaz azterketa bat garatuko du udalak: \'Berritu San Fausto\'

Ihobe erakunde publikoaren laguntzagaz azterketa bat garatuko du udalak: \'Berritu San Fausto\'.

 

San Fauston duela 50-60 urte eraiki zituzten etxeak, gaur egun ezagutzen den auzoari jaiotza emanez. Ordutik hona, ez du eboluzio handirik eduki: etxeak zaharrak dira, hezetasun arazoak dauzkate askok, eta irisgarritasun aldetik ere, gabeziak daude. Badirudi ez dela XXI. mendeko Durangoren parte. Horrez gainera, kale eta patioetan zikinkeria ugari dago, eta bizilagunak behin baino gehiagotan kexatu dira alboratuta sentitzen direlako. Bada, baliteke egoera horri buelta ematea. Auzoan hainbat etxe eraikitzeko asmoa dauka udalak, eta orain, proiektu berri bat ipini du martxan: Berritu San Fausto.

 

Udalak, Ihobe erakunde publikoaren laguntzagaz, azterketa bat garatuko du San Fauston. Irisgarritasuna lortzeko eta energia aurrezteko posibilitateak ikertzea da udalaren helburua. Esaterako, fatxadak, sarrerak eta teilatuak konponduta. Emaitzak praktikan ipiniz gero, auzotarren bizi kalitatea hobetu ahal izango dela uste dute. Mari Jose Balier hirigintza zinegotziak eman du udalaren asmoaren berri: "Ekimen honen helburua durangarren bizi kalitatea hobetzea da. Emaitzak ikusita, denon artean erabakiko dira beharrezkoak diren ekintzak auzoa hobetu dadin, batez ere, irisgarritasun mailan eta energia-eraginkortasunean". Prozesuan auzotarrek parte hartzea gura du udalak.

 \"\"

Kontsumoa neurtu

Dagoeneko aurkeztu diete egitasmoa bizilagunei, batzar bidez. Inkestak banatu dituzte, eta hainbat etxetan argiaren eta gasaren kontsumoa neurtuko dute. Etxeetan lanak eginez gero, jaso ahal izango ziren kontsumo mailekin alderatzea dute helburu. Adibidez, berogailuaren beroa horma zaharretatik joan egiten dela uste dute. Fatxadak konpontzeak kontsumoan aurreztea ekarriko luke. Bestalde, auzo osoarentzako alternatiba berogailu sistema zentrala izan ahal den probatu gura dute.

 

Azterketaren ostean, finantzazio aukerak topatzen saiatuko dira. Dagoeneko aurreratu dute posibilitate bat: etxeen sabaietan pisu bat gehiago eraikitzea, gero saltzeko. Etxeetako lanek auzoaren urbanizazioan ere edukiko lukete eragina.

 

Momentuz, azterketa bat da bakarrik. Finantzazioak esango du San Fausto eraberrituko den edo ez. Egoera ekonomikoak, behintzat, ez du aldeko haizerik ekarriko.

 

 

 

Zelan dago San Fausto auzoa zure ustez? 
Zer beharrizan dago?

 

 

\"\"Bego López

San Fausto beti egon da marjinatuta. Orain, etxe berriak egiten dabiltzala, badirudi konturatu direla auzoak ez duela estetikoki bat egiten, eta hori konpondu gura dutela. Utzikeria dago. Adibidez, txintxaunak beti dira bigarren eskukoak. Arratoi piloa ere badago.

 

 

 

 

\"\"Antonio Fernandez

Zabor biltzaileak astean behin edo birritan bakarrik etortzen dira. Goiko etxe atariak, esaterako, botilaz-eta josita daude. Etxeetan, hezetasun handiak daude, batez ere, pisu altuetan. Zerbaiten beharra bazegoen, urte askoko etxeak dira-eta.

 

 

 

 

\"\"

 

Maria Angeles Biritxinaga

Umeek jolasteko leku itxi baten beharra daukate. Euria egiten duenean, nora eroango ditugu? Horrelako leku bat ondo etorriko litzateke. Zikinkeriagaz patioetan dago arazoa, batez ere. Hezetasunei dagokienez, nire etxean ez daukat arazorik, eta ez naiz kexatzen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!