Urtea amaitu aurretik zabalduko dute tren geltoki berria

Anboto 2012ko abu. 27a, 14:07

2013rako trena lurpetik joango da, Eusko Trenbide Sareak azaldu duenez

2013rako trena lurpetik joango da, Eusko Trenbide Sareak azaldu duenez.

 

Abendurako prest egongo da Durangoko tren geltoki berria. Horrela azaldu dute obrako arduradunek gaur goizean prentsarentzako egindako bisitan. Estazioko lanen %90 amaituta dagoela esan du Jose Mari Gutierrez obrako zuzendariak. Azken faseko instalazioak falta dira, eta lan horretan dabiltza beharginak: eskailerak, argiztapena, aireztatzea... Urteetako atzerapenaren ostean, geltoki berriaren inaugurazioa hurretik ikusi daiteke. Zaha Hadid arkitektuaren diseinua errespetatu dute, Gutierrezen arabera.

 

Geltoki berria funtzionatzen hastean, aldaketaren eragina nabarmen igarriko da Durangon. Batez ere trafikoan; pasonibelak desagartzeak trafikoa arinduko du. Oinezkoen itxaronaldiak ere amaituko dira. Hori bai, egungo trenbidea kendu eta ingurua urbanizatzea ez dago epe laburrerako aurreikusita. Beraz, Durangok erdibituta jarraituko du eta herriko gune batetik beste batera joateko oztopoa ez da desagertuko momentuz. Egungo geltokia eta garajea ere bota beharko dituzte. Baina, bere garaian diseinatutako \'Durango Operazioa\' kolokan ipini du krisiak, eta ez dago argi lursail guzti honekin zer gertatuko den. Ingurunearen birmoldaketak luze joko duela dirudi, instalazioak eraistea eta lurra urbanizatzea ere inbertsio handia da-eta.

 

Geltoki berriak sarrera bi edukiko ditu, iparraldetik eta hegoaldetik, baina egungo geltokia bota bitartean iparraldekoa ezingo da erabili. Gune komertziala ere egokituko dute barruan, baina oraindik ez dituzte lanak hasi. Bestalde, trenbidearen lurperatzea ez dago guztiz amaituta. Gutierrezek adierazi du Euba-Iurreta tartea, Traña-Matienako zabalpena eta Lebarioko garajeak egiten dabiltzala. Lehenengo bi lanak 2013ko apirilerako amaituko ei dituzte, eta Lebariokoa ekainerako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!