Kontsumo arduratsua bultzatzeko kale izendegia osatzen dabiltza

Anboto 2011ko api. 21a, 10:16
Hainbat ikaslek bidezko merkataritza edota produktu ekologikoen salmenta lekuak identifikatzen dihardute
Hainbat ikaslek bidezko merkataritza edota produktu ekologikoen salmenta lekuak identifikatzen dihardute. Emaus gizarte fundazioa, Durangaldeko Amankomunazgoa eta hainbat ikastetxe egitasmo berri batean murgilduta dabiltza azkenaldian. Badira urte bi Emausek Durangoko Udalagaz elkarlana martxan ipini zuela; eskoletan kontsumo arduratsua eta tokiko ekoizpena landu dituzte azken bi ikasturte hauetan. Aurten, Kontsumo arduratsua eta tokiko ekoizpena urtaroen arabera proiektua dute esku artean. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Durangaldeko Amankomunazgoak diruz lagundu duten proiektu \"erraldoia\" da. Euren azken helburua \"eguneroko kontsumo ohiturek mundu mailan eragina dutela ulertaraztea\" da, eta, horren ondorioz, \"ohitura horiek aldatzea\". Durangon interes handia nabaritu ei dute udaletik, eskoletatik, elkarteetatik eta kaleko jendearengandik; \"horrek gure lana indartu eta hobetzen du dudarik barik\", diote. Proiektu honegaz, Bizkaiko hainbat herriz gainera, Guatemalan eta Indian ere ibili dira ekintzak egiten, eta hurrengo astean Togora doaz. Kontsumo ohiturak beste batzuk direla-eta, \"oso garrantsitzua\" ei da \"beste herrialde batzuetako kontsumo eta ekoizpen ohiturak ikustea eta hemen ezagutzera ematea\".

Kale izendegia

Proiektu honetan parte hartzen duten herri bakoitzean kale izendegi bat osatzen dabiltza. Bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua, tokiko ekoizpena eta produktu ekologikoak dituzten dendak edo sustatzen dituzten zerbitzuak sartuko dituzte izendegi horietan. Durangaldean ikasleekin dabiltza kaleetan zehar denden informazioa jasotzen; \"ikasleek dute kale-izendegien ardura, eta orain arte oso ondo ibili dira\", baloratu dute Emausekoek. Lorea Undagoitia teknikariaren laguntza izan dute horretarako. Dagoeneko egin dituzte saioak Durangon, Iurretan, Elorrion eta Abadiñon, 108 ikasleren partaidetzagaz. Maiatzaren 3an Zaldibarren eta 4an Otxandion izango dira hurrengoak. Egitasmo berean, kontsumoaren gaineko eztabaida egin eta irakasleen sentsazioak jaso dituzte; guztira, 84 irakaslek parte hartu dute. Ikasleen formazioari ere garrantzia berezia emanez, 140 gaztetxogaz jolas didaktiko bat burutu dute, herrietako argazkiekin puzzleak garatuz. Bestalde, ideia honetan kokatzen dira aste batzuk lehenago egindako bideo-foroak ere. Durangon, Berrizen eta Iurretan, bertako ikasleek Peruko gaztetxoekin berba egiteko aukera izan zuten bideo-konferentzia bitartez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!