Mugikortasun Iraunkorraren Astea, gaurtik aurrera

Anboto 2010ko ira. 16a, 09:30
Mugikortasunaren inguruko hausnarketa egingo dute \'Mugi zaitez adimenez eta bizi hobeto!\' lelopean Durangon, gaur hasiko den Mugikortasun Iraunkorraren Astean.
Eskolarako bidea, lanerakoa, erosketetarakoa... batzuetan oinez, bizikletaz edo autobusez erraz egitekoak dira, baina askotan autoa hartzen dugu. Durangarren bizi-kalitatea garraiobideen aukeraketagaz estu lotuta dagoela-eta, mugikortasunaren inguruko hausnarketa egingo dute \'Mugi zaitez adimenez eta bizi hobeto!\' lelopean Durangon, gaur hasiko den Mugikortasun Iraunkorraren Astean. Eguenean \'txita-taxiak\' izeneko ibilgailu iraunkorrak erabiltzeko aukera egongo da egun guztian, eta arratsaldean eskolarako bidearen inguruko hitzaldia emango dute Elkartegian. Ume eta gaztetxoek txikitatik barneratzen dituzten ohiturek garrantzia handia dutela nabarmendu dute Durangoko Udaletik: \"umeen garapenean, osasunean eta ingurunearen ezagutzan uste baino garrantzia handiagoa du eguneroko ibilbidea egiteko aukeratzen den garraiobideak\". Horri lotuta, ikastetxeetan mugikortasun iraunkorra lantzeko materiala banatu du udalak.

Egitaraua

Egitarauari zapatuan ekingo diote berriro. Iurretako Txirrindulari Elkarteak lagunduta, herri-martxa egingo dute bizikletaz, 17:00etan Landako Gunetik irtenda. Bidegorrietatik Astolara arteko ibilbidea egingo dute. Partaideen artean opariak zozketatuko dituzte. Eguaztena Autorik Bako Eguna da, eta hori dela-eta Zumalakarregi kalea autoei itxita egongo da egun guztian. Arratsaldean umeentzako hainbat ekitaldi egongo dira Ezkurdi plazan: puzgarriak, hanka-luze saltarien tailerra, antzerkia... Antolatzaileek azaldu dutenez, euria egiten badu ekintza horiek horiek guztiak Landako Erakustazokan gauzatuko dituzte. Eguenean, irailaren 23an amaituko da Mugikortasun Iraunkorraren Astea. Elkartegian Mugikorasun Iraunkorraren Udal Plangintzaren emaitzak aurkeztuko dituzte, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Plan hori Tokiko Agenda 21en ekintza nagusienetarikoa da, eta Durangoko eragileen eta herritarren parte-hartzearen laguntzaz osotutako txostena da aurkeztuko dutena. Durangoko udal arduradunek azaldu dutenez, planaren helburuak, besteak beste, \"igorpenak murriztea eta bizi-kalitatea hobetzea\" dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!