Durangoko 14 monumentu itzali dituzte klima aldaketaz ohartzeko

Anboto 2010ko mar. 27a, 10:30
Durangoko Udala, Lariz dorrea, Arte eta Historia Museoa eta Santa Ana Arkuko argiak, besteak beste, itzali zituzten atzo, iluntzeko 20:30ean.
Durangok 14 monumentu ezagun amatatu dituzte klimaren aldaketaren kontrako munduko mobilizazioagaz bat eginez, WWFren (World Wildlife Fund) Lurraren Ordua izenekoagaz, hain zuzen ere. Durangoko Udala, Lariz dorrea, Arte eta Historia Museoa eta Santa Ana Arkuko argiak, besteak beste, itzali zituen Udalak martxoaren 27an, 20:30ean. Ekintza horren bitartez Udalak jakitera eman duenez, \"erakutsi gura da bateratuta bakarrik aurre egin diezaiokegula berotze globalari\". Aurtengo kanpainaren helburua da \"munduko 6.000 hirietako biztanleak mugiaraztea tenperatura gehitzearen kontrako ekimen honi laguntza ematen zaiola erakusteko\". Horretarako, oraingoan, WWFren Lurraren Ordua kanpainak herritarren parte-hartzea bultzatzeaz gainera, erakundeek ere ekimen global horregaz bat egin dezaten gura dute; udalek, enpresek, ikastetxeek, unibertsitateek, hedabideek... \"Guztiak eragile garrantzitsuak baitira\".

Ekimenaren aurrekariak

WWFren Lurraren Ordua 2007an egin zen lehenengoz, herrialde bakar bateko hirian (Sydney, Australia). 2009an, 88 herrialdetako 4.159 hiritako monumentu ezagunenen argiak itzali ziren; hasierako helburua laubidertu zuten. Eta ekimenagaz 1.000 milioi pertsonak bat egitea lortu zuten; hau da, munduko biztanleriaren ia seirenak. Durangok 2009an bat egin zuen kanpainagaz ondoko arrazoiak direla-eta: Klimaren Aldaketaren Kontrako Udal Ordenantza onartu izana, eta Udalak negutegi-efektua sortzen duten gasak murrizteko hartutako konpromisoa.

CO2 isuria txikitzea

Udalerriko isurien inbetarioa egin dute; bertan zehazten da sektore bakoitzak (garraioa, industria, bizilekuak, energia) duen pisua. CO2 isurien %44 motordun ibilgailuek sortzen dute; %22 bizilekuek; %19 insdustriak eta %13 zerbitzuek. Beraz, isuriak murrizteko helburuagaz Durangoko Mugikortasun Jasangarrirako Planaren baitan hainbat neurri bultzatuko dituzte: joan-etorriak bizikletan egitea, energia kontsumoa murriztea udal-argiteria publikoan eta eraikinetan, gutxiago kutsatzen duten berogailu sistemak sustatzea...
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!