Tabirakok lasaitasunaren garaipena lortu behar du

Anboto 2007ko mar. 15a, 12:05

Azken sei partidetatik bost galduta, sailkapenaren atzeko aldera jaitsi da Tabirakoren emakumeen talde nagusia. Oraindik hiru garaipeneko abantaila dute beherako postuekiko, baina lehenbailehen joera negatibo hori eten behar dute. Mamuak uxatu eta lasaitasuna berreskuratzeko, arerio aproposa dirudi Abaroak. Ez gorako, ez beherako daude; erdibidean. Liga amaitu bitartean ez dute helburu edo erronka konkreturik. Tabirakok gasteiztarrek izan dezaketen motibazio falta aprobetxatu behar du jaitsiera definitiboki ahaztuaraziko lukeen garaipena lortzeko.

Argazkia: Judit FernandezLiga amaitzeko zortzi partida falta dira. Horietako hiru, beraien azpitik dauden taldeen kontra jokatu beharko dituzte. Horregatik da hain garrantzitsua domekan irabaztea; partida horiek ez daitezen hil ala bizikoak izan.

Joan zen asteburuan galdu egin zuten Gernikaren aurka (40-51). Bazekiten gernikarren armarik indartsuena hiruko jaurtiketak zirela, baina, hala ere, ez zuten joko mota hori gelditzen asmatu. Lehen hiru laurdenak kaskarrak izan ziren: 18 puntugatik galtzen joan ziren. Azkenekoan intentsitatea berreskuratu zuten, baina beranduegi zen markagailuari buelta emateko.

Bigarren taldea estu

Bigarren Nazional Mailako taldea estu eta larri dabil. Hogei jardunalditan lau partida bakarrik irabazita, azken aurreko daude. Salbazioa lau garaipenera dute. Asteburu honetan Hermosillaren aurka galduz gero, hanka eta erdi beheragoko mailan lukete durangarrek. Nolanahi ere, Hilario Perez Tabirakoko lehendakariordea “oso pozik” dago taldearen inplikazioarekin: “lana gogotik egiten ari dira; bai jokalariak, bai entrenatzailea. Emaitzak ez dira onak, baina esfortzua itzela da”.

Bestalde, gizonezkoen taldea gaizki ari da. Bost partida galdu dituzte jarraian eta beheko multzoan kokatu dira Vasay Ardoi, Berrio-Otxoa eta Urdanetarekin, lau garaipenera berdinduta. Bihar Arrasate hartuko dute etxean: sailkapeneko hirugarrena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.

EGIN ZAITEZ KIDE!