Durangon ez dira elkarregaz aurkeztuko Aralar eta EB-Berdeak udal hauteskundeetan. Horrelaxe jakin eragin du EB-Berdeak taldeak. “Aralarrek erabaki du koalizioan ez joatea. Hiru batzar egin ditugu eta gu hasieratik gertu egon gara batera joateko”, dio Durangon EB-Berdeen zinegotzi den Sabin Bilbaok.
Bilbaok berak azaldu duenez, “desengainu txikia izan dut, egia esan. Egoera desberdinetatik gatoz, baina hori polita da hauteskundeetan bateratuta joateko”. Hala ere, “azken lau urteetan lez, elkarlanean jardutea” itxaroten du datozen hauteskundeetan ere zerrenda-buru joango den Bilbaok: “Edozein akordiotara heltzeko prest gaude gu, hauteskundeetatik kanpora ere. Aldentzeko baino bateratzeko puntu gehiago ditugu-eta”.
Aralar eta EB-Berdeek ituna dute Batzar Nagusietarako eta hainbat Udaletarako; eskualdean ere bai, Durango eta Elorrion izan ezik: “Beste kontu bat da Aralarrek nahikoa ordezkari izango dituen zerrendetarako”.