Picassoren ‘Gernika’-ren aura hartuko du berbagai Josu Rekalde artista eta irakasleak

Itsaso Esteban 2017ko api. 24a, 09:30

Artearen Ezaupidea zikloaren barruko azken berbaldia eskainiko du Josu Rekaldek.

Josu Rekalde artista eta unibertsitate irakasleak (Zornotza, 1959) eskainiko du Durangoko Artearen Ezaupidea zikloaren barruko azken hitzaldia. Eguaztenean izango da berbaldia, 19:00etan, Durangoko Museoan. Ziklo horren barruko beste bi saioetan bezala, Pablo Picassoren Gernika obra izango da berbagaia. Izan ere, Gernika eta Guernicak izenburua du XIV. Artearen Ezaupidea zikloak.

Hain justu ere, Rekalderen hitzaldia hartuko duen Museo horretako areto txikian daude martxo amaieratik Picassok Gernika osatu aurretik eta ostean egindako hainbat margolan.

Aurten 80 urte dira Malagako margolariak artelana margotu zuela, eta arteari buruzko Durangoko zikloa koadro horren inguruan osatu dute. Picassok Gernika margotu zueneko testuinguru historikoa azaldu zuen Ismael Manterola irakasleak lehenengo berbaldian, eta ikuspuntu estetikotik mintzatu zen Aitor Aurrekoetxea irakaslea bigarren hitzaldian.

Josu Rekaldek datorren astean emango duen hitzaldiak Guernica y los ladrones de auras du izenburua, eta arlo artistikoan zentratuko da. Artistak azaldu duenez, Walter Benjamin filosofoaren kontzeptua da artelanen aurarena: “Teknologikoki erreproduzitzean artelanek beraien aura galtzen dutela zioen Benjaminek: obra orijinalak bakarrik daukala aura”. XX. mendeko ikono bilakatu eta hainbeste erreproduzitutako obra izaki, ideia horregaz lotuko du Josu Rekaldek Gernika.

Bestalde, gerrak dakarren sufrimendua salatzeko Picassok egindako artelanari pisu ideologikoa kentzeko, esparru askotan zabaldutako joeraz ere mintzatuko da Rekalde. “Gernika obraren interpretazio gero estetikoagoak egiten dira, eta horrek dakar gerraz gutxiago berba egitea”, dio artista zornotzarrak. “Zenbat eta gehiago dihardugun estetikaz, gero eta gutxiago gabiltza memoriaz”.

Rekalderen erreprodukzioa
Picassoren Gernikarekiko interesa aspalditik dauka Rekaldek. Gogora ekarri du, gaztetan Picassoren muralaren erreprodukzio bat egin zuela Zornotzako jaietan eszenatokian jartzeko, eta inguruko hainbat herritara eraman zutela gero. “Zerbait debekatua zen ia, baina etxe guztietan zegoen Gernikaren erreprodukzio bat”.

Artea eta teknologia irakasten ditu Rekaldek EHUko Arte Ederren fakultatean, eta bideogintza, interaktibitatea eta instalazioak sortzen ditu

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!