Juan Requejo: "Ez dago produkzio ereduaren berrazterketa sakonik kontsumo eredua berraztertu gabe"

Anboto 2016ko eka. 10a, 10:30

Lurralde garapena eta Durangaldeak sozioekonomikoki beharko lukeen antolaketa izan dute hizpide, asteon, Durangaldeko Amankomunazgoak antolatuta. ‘Oinak Lurrean’ izenburupean antolatutako jardunaldian adituek parte hartu dute, tartean, nazioartean hirigintza arloan lan egin duen Juan Requejok.  Azalera handiko saltokiak ere  izan ditugu hizpide beragaz.

‘Oinak lurrean. Beharrezkoa da lurraldean oinarritutako garapena’. Premisa horretatik abiatu duzu hitzaldia.
Mundu garaikidean, garapena lurraldetik banatzen joan da pixkanaka. Antzina, elikatu, jantzi, babestu edo energia lortzeko, lurraldea zen oinarria, bizimodua horren inguruan antolatuz. Mundu garaikidean, energia piloa behar duen hainbat teknologia garatu da, eta mundua homogeneizatu egin da. Mundua oso antzerakoa da edonon. Kontsumo eta ongizate maila altuagoa lortu dugu, baina, lurraldea ez da sistemaren oinarrizko elementua: toki guztietan berdin produzitu eta kontsumitzen dugu.

Horri buelta eman behar zaio?
Lorpen handiko eredu honek ingurumen eta arazo sozial handiak ditu, eta sistemaren biziraupena larriki arriskuan jartzen dute. Lurraldea oinarrizko elementu izango duen eredu berri bat beharrezkoa da bizirik irauteko. Kontrolpean ez dituen aldagaien menpe ez dagoen garapen eredu sendoa behar da. Horrek lurraldearen baliabideak erabiltzea eskatzen du.

Globalizazioari aurre egitea esan nahi du horrek?
Nekazaritzan, turismoan, energia arloan... lurraldean oinarrituko den produktu bereizlea eskaintzea lehiakortasun estrategia bat ere bada mundu garaikidean, ez bakarrik ikuskera politiko-ideologiko zehatz bat garatzeko borondatea. Merkeena izaten jarri zenezake indarra, edo lurraldean oinarrituta bereizlea den zerbait egiten.

Zer deritzozu saltoki handiak jartzeko bidea zabaltzeari?
Produktibitate altuagoa duten prozesuek gero eta gehiago ordezkatu dituzte langileak. Langile gutxiago eta robot gehiago dituzte enpresek. Kontsumoaren alorrean, saltoki handiak gero eta gehiago dira, eta gezurra da enplegua sortzen dutela; suntsitu egiten dute. Euren produktuak langile gutxigaz banatzean dute-eta funtsa. Horren aurrean, merkatari txikiak ez du zereginik. Lurraldeak zer gura duen hausnartu behar du.

Gizarteak hausnartu behar du?

Mundu mailako joera horri jarraitu gura zaion edo lurralde moduan eredu berri bat nahi den erabaki behar da. Erabaki hori ez da politikoa, gizarteari dagokio. Modu batera edo bestera kontsumitzen dugu, eta udal erabakiak horren araberakoak dira. Aldaketa soziala behar da.

Etxeak, industria pabilioiak... berrerabiltzea behar da?
Ezinbestekoa da duguna erabiltzea. Hala ere, ezin da produkzio ereduaren berrazterketa sakonik egin kontsumo eredua berraztertu gabe. Merkea izatea ezin da izan  erosteko, eraikitzeko... arrazoi bakarra.

Posible da garapen iraunkorra?
Globalitate dinamika honen barruan ez; garapen errukitsua da hori: ahalik eta kalte gutxien eragiten saiatzen den garapena. Iraunkorra baino, errukiorra izatea da hori. Brundtland txostenak dioenez, garapen iraunkorra da, etorkizuneko belaunaldien premiak arriskuan jarri gabe, oraingo belaunaldien premiak asetzea lortzen duena. Horren arabera, produzitzeko eta kontsumitzeko gure erak ezin ditu baliabide naturalak arriskuan jarri, ondorengoek gero eta aukera gutxiago izango lituzkete-eta euren premiak garatzeko. Garapen iraunkorra garapen berriztagarria da.

Utopia da, beraz?
Mundu arkaiko batean baino ez da posible garapen iraunkor osoa. Baina, hurbildu gaitezke. Horretarako, lurraldea eta ditugun baliabideak aztertu behar dira, eta lehentasunak zehaztu behar ditugu.  

Honetarako guztirako garrantzitsuak dira lurralde-planak?
Bai. Ezinbestekoak dira arazoa osotasunean ulertzeko, eta ikuskera orokor bat lortzeko. Baina, plangintza on bat lortzeak ez du esan gura etorkizuna lotuta dugunik. Hori beti da ezezaguna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!