"Boligrafo bakoitza, kuaderno bakoitza oso garrantzitsua da"

Anboto 2016ko eka. 7a, 09:00

Iaz hasi zen La Otra Mirada eskola materiala batzen Senegalera bidaltzeko. Mongolian ere egin du lan 2011n sortutako elkarteak, eta JAED edo Zornotzako Gurutze Gorriari lagundu die janaria biltzen. Senegalen egindako lanaz aritu gara Elena Ariznabarretagaz eta Babacar Diopegaz (La Otra Mirada elkarteko kideak).

Eskola materiala batzeko kanpaina amaitu berri duzue. Senegalera bidean dago batutakoa. Nola joan da kanpaina?
Elena Ariznabarreta: Oso ondo. Iaz 27 kaxa bete genituen, eta aurten 40 betetzea lortu dugu. Gurpildun aulki bat eta pare bat ordenagailu ere bidali ditugu. Iaz zailagoa egin zitzaigun materiala batzea. Aurten, alde guztietatik hurreratu zaizkigu materiala ematera; jendetsuagoa izan da, nolabait esateko. Oso pozik gaude.  

Durangaldera zabaldutako kanpaina izan da?
E.A: Bai. Durangon, Iurretan, Abadiñon, Zornotzan... ibili gara. Lauaxeta ikastetxean, adibidez, gu laguntzeko Zuhaitzaren Eguna baliatu zuten. Birziklatze-bidesari bat kobratzen dute: pilak, papera... eramanda txartel bat ematen dizute, eta trukean umeei landare bat ematen zaie. Aurten, guretzat eskola materiala eskatu dute, etxean ditugun hainbat gauza birziklatu daiteke-eta. Kopistegi eta liburu-dendetara ere jo dugu.

Eskola materiala eskatu duzue.
E.A: Bai. Hala ere, saltzeko bestelako objektuak ere eman dizkigute. Bigarren eskuko azoketan saltzen ditugu. Laster Berrizen ere egongo gara. Batutakoa bidaltzeko erabiltzen dugu diru hori. Horrez gain, boluntarioek egindako imitaziozko-bitxiak, terapeutika-zakuak... ere saltzen ditugu; eman dizkiguten jostailu berriak ere bai.  

Iaz hasi zineten Senegalera eskola materiala bidaltzen. Gouyar Sarr herrira (Louga) bidali zenuten, zure herrira Babacar.
Babacar Diop: Hala da. 27 kaxa jaso zituzten, denen artean zabaldu zituzten. Han boligrafo bakoitza, kuaderno bakoitza, oso garrantzitsua da. Familia guztiek ez dute aukerarik eskola materiala lortzeko. Durangaldeko herritar bakoitzak boligrafo bat edo kuaderno bat emanez  gero, premia duten Senegalgo familiei asko laguntzen zaie. Lehenengo, sabela bete behar da, gero bestea lortzeko. Zailtasun handiak dituzte. Ez da hemen bezala. Han ez dute ezer.

Aurten Sare Birou herrira (Kolda) bidali duzue bildutakoa.
B. D.: Bai. Beharrizan handia dago Senegalen: eskola materiala, arropa... Eskoletan eskuz idatzita egiten da dena, arbeletan... hezkuntza arloan premia handia dago. Hemen antzina egiten zen legez, arbel txikiak erabiltzen dituzte hiru eta sei urte arteko umetxoek. Dena den, bertara edateko ura eramateko ere ari gara lanean eskolako zuzendariagaz batera. Dirua bideratu dugu egitasmo horretarako.

Edateko urik ez dute?
B.D.: Ez. Umeak 08:00etan sartzen dira eskolara, eta 10:00etan irteten dira jolastordura. Orduan joaten dira inguruko etxeetara ur bila. Ezer ez dute. Komunak ere oso egoera txarrean daude. Laguntza handia behar dute. Edateko ura, informatika-gela eta komun egokiak izan ditzaten lanean ari gara. Baina, premiak handiak dira. Iaz eskola materiala jaso zutenean ere, oso pozik hartu zuten.

E.A: Sare Birauko eskola horretan eguzki-plakak ipintzeko ere ari gara dirua batzen. Horrela, eskolan argia izango lukete, eta ordenagailuren bat jartzeko aukera ere bai. Horrez gain, eskola orduak bukatzen direnerako, liburutegi bat ere egokitzeko aukera izango lukete, umeek zein helduek erabiltzeko. Eguzki-linternak ere bidali gura ditugu. Izan ere, inguruko herrixketatik ere joaten dira Sare Birouko eskolara umeak. Herrixkako etxeetarako oinarrizko argiztapena ere lortu gura genuke.

Nolakoa da bizimodua Senegalen?
B.D.: Hiriburuan apur bat hobeto bizi dira. Baina, hirietatik kanpo, herri txikietan, lastozko etxeetan bizi dira, errepideak eskasak dira... zaila da bizimodua. Nekazaritza dute bizibide, baina, euriaren menpe daude.

Beraz, jasotako laguntza hau oso garrantzitsua da?
B.D.: Oso garrantzitsua. Aurretik esan bezala, oinarrizkoena jatea da, gero dator beste guztia. La Otra Mirada elkartearen lanak ez du preziorik. Ume batzuk kilometro erdi edo kilometroa egiten dute oinez, eskolara joateko. Badaude eskolak, baina, ez nahikoa. Senegaleko gobernua ez da toki guztietara heltzen, eta toki horietan ahal dutenagaz egiten dituzte eskolak gurasoek.

Ahalegin handia egiten da neska-mutilak eskolaratzeko?
B.D.: Bai. Neskato gehienak doaz eskolara, baina, arazoa ekonomikoa da. Lehen hezkuntzan gastuari aurre egiteko gai dira familia asko. Baina, hortik aurrera gastua handitzen da, eta zailagoa egiten zaie horri aurre egitea. Institutura heltzean sortzen da arazoa, beste herri batzuetara joan behar dute-eta.
E.A: Neskek eskolaratu beharrik ez duten ustea baino, arazoa gehiago da ekonomikoa.

Neskatoen eskolaratzean lan egiten du bertan Sare Biroun Senny Sabaly fundazioak. Baita emakumeen genitalen mutilazioaren kontra ere. Beraiekin  lan egiten duzue?
E.A: Bai. Hala ere, urteak dihardute horretan. Urtean euro bat da 1. eta 2. mailako ikasleentzako eskola materiala, eta diru hori ez duten familietan neskak etxean geratzen dira. Mutilak doaz eskolara. Senny Sabalyk nesken eskolaratzeak duen garrantziaz kontzientziatzen egiten du lan; batzuetan, ekonomikoki ere lagunduz. Emakumeen genitalen mutilazioaren kontra ere ari dira lanean. Senegalen delitua da, baina, hegoaldean egiten da. Inork ez daki zer gertatzen den herrixketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!