"Ezin dugu jarraitu duela 50 urteko klaseak ematen"

Anboto 2016ko mai. 3a, 11:07
Landako Elkartegian burutu da jardunaldia.

Maristak ikastetxeak antolatuta, hezkuntza eredu berritzaileen inguruko konferentzia ospatzen dabiltza gaur Durangon. 65 irakaslek eman dute izena, gehienak eskualdekoak, eta antolatzaileen helburua guztiek norabide berean lan egitea da.

"Ezin dugu jarraitu duela 50 urteko klaseak ematen; irakaslegoa aldatu behar dugu". Durangoko Maristak ikastetxeko Hostaizka Sainzen berbak dira, konferentziaren antolatzaileetako bat. Hezkuntza eredua aldatzeko ildoan sakondu gura dute, eta bertan ateratako ondorioekin Innobasque agentziak txosten bat landuko du. "Horrekin, guztiok norabide berean lan egitea nahi dugu. Izan ere, konturatu gara eskualdean denok ildo berean bagoaz, ikaslea askoz osoago irtengo dela enpresara edo unibertsitatera". Besteak beste, Durangaldeko Berritzeguneak, unibertsitateetako irakasleek eta Kataluniako Jesuitetako irakasle batek berba egingo dute jardunaldian.

Maristak ikastetxean, 10 urteko garapena dauka berrikuntzan oinarritutako filosofiak. Baina, inguruko ikastetxeekin koordinatuz gero, emaitza aberatsagoa dela uste dute: "Azken finean, oso garrantzitsua da lehen etapetan gauzak egitea. Guretzako askoz errazagoa da ikasleak hainbat ohiturekin etortzen badira: taldeko lana, autonomia, sormena, kreatibitatea...".

Maristetako urte biko lanaren ostean, ikasleengan "enpresek sekulako aldea" ikusi dutela esan du Sainzek. "Irtengo den langileak, eskualdeari aberastauna emango dio horrela, balore gehigarri bat".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!