"Lanez gainezka" daude Amankomunazgoko gizarte zerbitzuetan, eta langile bat gehiago hartuko dute

Anboto 2016ko mar. 8a, 14:04
Amankomunazgoko lau batzordeburuak: Eider Uribe, Aitor Lopez, Julia Perera eta Endika Jaio.

EH Bildu eta Herriaren Eskubideak zuzentzen duten "aldaketaren gobernua" bere lehen aurrekontua lantzen hasi da. Zirriborroa batzordeetan landuko dute, eta apirileko osoko bilkuran onartzea espero dute. “Gizarte zerbitzuak lehentasun” direla esan du Aitor Lopez presidenteak. Krisiaren eraginak igarri dira gizarte zerbitzuetan.

Lau neurri nagusiren berri eman dute. Lehena, langile bat gehiago kontratatzea gizarte zerbitzuetarako. Aitor Lopez presidenteak (EHB) eta Julia Perera Ongizateko batzordeburuak (HE) kontatu dute azken urtetan gora egin dutela gizarte zerbitzuetan herritarrek egindako eskariek, 2008tik hona batez ere. Ondorioz, lan karga ere handitu da. “Gure gizarte langileak lanez gainezka daude”, esan du Pererak. Uneotan bederatzi gizarte langile daude, beste administrari bigaz batera.

Bigarrenik, etxebakoentzako neguko aterpetxearen zerbitzua indartzea. Ordutegia zabaldu, eta pertsonala handituko dute. Gainera, Lopezek aurreratu du 2017an urte osoan zabalik egon beharko dela aterpea, legeak eskatzen duelako. Beraz, horretara egokitzen hasi gura dute. 

Amankomunazgoko administrazioan ere pertsonal gehiago behar dela diote, eta adminsitrari bat hartuko dute.

Zabor bilketa koordinatzeko asmoz
Laugarren ekintza esanguratsu lez, zabor bilketa zerbitzua sendotzea gura dute. Lanbide eskola zuzentzen zuten –orain Durangoko Udalaren esku dago– Behargintzako bi teknikarik zabor bilketaren koordinazio lana burutuko dute.

Aldaketak egin arren, aurrekontua %10 baxuagoa litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!