Zaborra batzeko, Bizkaian aitzindaria den sistema ipini nahi du Amankomunazgoak

Anboto 2016ko ots. 10a, 17:16

Amankomunazgoak zabor bilketa sistema egokitzeko beharra ikusi du, azken urtetan edukiontzi kopurua handitu den arren zerbitzua berbera delako. Gainera, udalei kobratzeko modua ere aldatu nahi dute; biztanleko barik, herriko hondakin kopuruaren arabera. Horretarako, kamioiek hondakinaren pisua neurtuko dute.

Amankomunazgoak organikoa batzeko bigarren kanpainaren balantzea egin du, eta Aitor Lopez presidenteak emaitza ona dela esan arren (biztanleriaren %15era heltzea lortu da), "Europatik eskatzen dena urrun" ei dago oraindik. Bide horretan, zabor bilketa sistemaren egokitzapena egin gura dutela aurreratu du Endika Jaio Amankomunazgoko gobernukide eta Mañariko alkateak.

2016an, azterketa bat egiteaz aparte, zaborra batzeagatik herriei kobratzeko modua ere aldatzea gura dute; orain arte, biztanle kopuruaren arabera ordaintzen zuten herriek, eta aurrerantzean, hondakin kopuruaren arabera ezarri gura dute.

Kamioiek, pisatzeko sistema bat edukiko lukete. Neurri horren bidez, herrietan birziklapena igo ahal dela uste dute Amankomunazgokoek, gero eta organiko gehiago birziklatu, gero eta merkeagoa izango delako. Gainera, funtzionamenduan ere eragina izango luke; sistemak, erabiltzen ez diren kontainerrak detektatzeko balioko lieke, adibidez. Bizkaian neurri aitzindaria izango litzateke.

Erabiltzaile berriak, 1.000tik gora
Materia organiko begetala batzeko kontainer marroiak prest daude kalean, eta horrela, Amankomunazgoak bultzatutako bigarren kanpaina martxan dago Abadiñoko Zelaieta auzoan, Atxondon, Elorrion eta Zaldibarren. 892 familia apuntatu dira, eta beharrezko kita eman diete. Gainera, 51 komertzio edo enpresa ere batu dira. Etxeko autokonpostajearen kasuan, 152 lagunek eman dute izena. Beraz, guztira, 1.000 etxe baino gehiago batu dira organikoa birziklatzeko planera, eta oraindik izena eman ahal da. Aurretik, Iurretan eta Traña-Matienan  371 familia dabiltza sistemagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!