Atxondoko eta Elorrioko udalek ez dituzte AHTaren desjabetza aktak sinatu

Anboto 2016ko ots. 11a, 12:43
Iazko maiatzean atxondoarrek AHTaren kontra egindako martxa.

Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan sinatu behar zituzten Abadiño-Atxondo tarteari dagozkion aktak, eta ez dute horrelakorik egin. Bi herrietako udalek eta hainbat herritarrek alegazioak aurkeztu dituzte, prozedura egokia jarraitu ez dutela argudiatuta: "Legeak berak esaten du aktak desjabetu beharreko lur arloan bertan sinatu behar direla.", azaldu du David Cobos alkateak.

Atxondoko alkateak adierazi duenez, herriko hainbat lurjabek egin dute alegazio bera. Idatzi horretan legeari lotutako argudioak eman dituzte, eta prozedura ondo egin ez dutenez, prozedura berriro hasi beharko luketela azaldu dute: "Guztiek eskatu dute aktak euren lursailetan sinatzea". Alegazio horretaz gain, lurjabeek euren jabetzaren gaineko alegazio partikularrak ere aurkeztu dituzte. Jabe guzti horieek, denen artean, hamabost bat partzela dituztela esan du Cobosek.

Elorrioko udal ordezkariek ere antzera jokatu dutela azaldu du Idoia Buruaga alkateak. Delegaritza "ez da aktak sinatzeko lekua", eta ez da lehenengo aldia arrazoi bera argudiatuta alegazioak aurkezten dituztela. Buruagak kritikatu du "urjentziazko modalitatea" erabiltzen ari direla, eta lur batzutara dagoeneko sartu direla, desjabetzako tratua amaitu barik izan arren. Alkateak esan du, gainera, orain arteko alegazioek ez dutela erantzunik jaso.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!