Txomin Marañon Euskadiko azpitxapeldun krosean

Anboto 2016ko ots. 1a, 14:27
(Argazkia: Facebook; 'Durangaldea Runnning')

Nazioarteko kros prestigiotsuagaz batera, Euskadiko txapelketak jokatu zituzten atzo Donostiako Hipodromoan diseinatutako zirkuituan.

Hipodromoa egoera oso onean zegoen, ia bat ere lokatza barik, eta horrek lasterketa azkarrak ahalbidetu zituen. Gizonen 23 urtez azpikoan Durangaldea Running taldeko Txomin Marañon durangarra txapeldunorde geratu zen: “Lesioaren ostean sentsazioak errekuperatzen nabil eta bigarren postuagaz oso pozik nago. Oraindino lana geratzen da baina helburua bete dugu. Orain kros laburra eta Espainiako txapelketa prestatu bihar ditut topera heltzeko”, adierazi du Marañonek sare sozialetan.

Nagusietan eta gizonetan, David Garciak (Durangaldea Running) laugarren amaitu zuen eta Oier Ariznabarretak (Durango Kirol taldea) bederatzigarren. DKT-k taldekako sailkapena irabazi zuen.

Ander Hilerak laugarren amaitu zuen gazteetan eta postu horrek Espainiako Kros Txapelketara gerturatzen du.

Bidezabalek taldekako txapelketa irabazi zuen gazte zein junior mailetan.  Gazteetan Aitana Merino (5.tokian), Uxue Zuazua (8) eta Olaia Lekunberriren (11) lanari esker lortu zuen txapela. Juniorretan Nerea Costa (3), Garazi Lekunberri (8) eta Jone Ramirez (11) nabarmendu ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!