Txomin Marañon juniorrik onena zain da Gorbeia Suzien mendi lasterketan

Anboto 2015ko ira. 28a, 12:01
Txomin Marañon podiumeko ezkerrean, Euskadiko Kopako bigarren tokian

Emaitza horrekin bigarren tokian amaitu du mendi lasterketen Euskadiko Kopa bere mailan. Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra bigarren geratu zen juniorretan. Biak sailkapen orokorreko podiumera igo ziren. Aitor Ajuria otxandiarrak kadete mailako proba irabazi zuen.

Atzo Gorbeia Suzien mendi lasterketa lehiatu zuten Zeanuritik abiatuta. Hiru lasterketa bi izan ziren: 32, 22 eta 17 kilometroko bana. 22 kilometrokoan Txomin Marañon durangarra (Durangaldea Running) junior mailako onena izan zen: 1.51.30. Maila berean bigarren sailkatu zen Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra: 1.53.42. Gainera, sailkapen orokorrean biak podiumera igo ziren bigarren eta hirugarren tokian. Unai Oria zaldibiarra bakarrik geratu zen euren aurretik: 1.50.03. Atzoko emaitzarekin mendi lasterketen Euskadiko Kopan bigarren amaitzea lortu du Marañonek bere mailan: “Sentsazio onekin amaitu dut mendi denboraldia eta orain errepidean eta krosetan pentsatzen jarriko naiz”, adierazi du sare sozialetan durangar gazteak.

Kadete mailan, Aitor Ajuria otxandiarrak irabazi zuen 17 kilometroko lasterketa. Sasoi betean dago 17 urteko gaztea. Orain asteburu bi Uharte Arakil-Beriain kilometro bertikalean 21 urtez azpiko azkarrena izan zen.

Mailaz maila Durangaldeko korrikalari asko nabarmendu ziren 22 kilometroko lasterketan. Gizonen seniorretan Beñat Ormaetxea zornotzarrak eta Xabier Garate otxandiarrak aurreneko hamarrretan amaitu zuten; bosgarren Ormaetxeak (2.21.51) eta hamargarren Garatek (2.32.25). Emakumeen seniorretan Irati Axpe otxandiarra zazpigarren (3.11.55) eta Zuriñe Orue-Mazaga (3.13.31) zortzigarren geratu ziren.

Mutilen promesen mailan Iñaki Ibarra (2.55.08) eta Aitor Sola (3.39.02) zornotzarrak bigarren eta seigarren sailkatu ziren.

Beteranoen mailei dagokienez, emakumeetan laugarren amaitu zuen Jasone Elkorobarrutiak (3.27.58) eta gizonetan seigarren Josu Urizarrek (2.45.27). Korrikalari biak otxandiarrak dira. 

Iker Ajuria podiumaren erdian: 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!