'Solitudes' obra ikusteko aukera bi, asteburuan, Durangaldean

Anboto 2016ko urt. 28a, 11:40

Durangaldean emanaldi bi izango ditu Kulunka Teatro antzerki talde gipuzkoarrak, asteburu honetan. Abenduaren 30ean, Zornotza Aretoan; eta 31n, Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute Solitudes antzezlan berria. Bakardadeaz dihardu maskara-antzezlanak.


Euskal Herrian zein hemendik kanpo ere ikuslegoaren harrera beroa izan zuen André eta Dorine obrako elementu berak baliatuz sortu du Kulunkak Solitudes: maskara antzerkia da lan berri honetakoa ere.
Familia bateko kideen arteko inkomunikazioa eta bakardadea jorratzen duen ikuskizuna da bihar eta etzi Durangaldeko antzokietan ikusgai izango den Solitudes. Umoretik, eta hitzaren beharrik barik dihardute, besteak beste, bakardadeaz.

André eta Dorine antzezlaneko protagonistak bezala, adinekoa da Solitudes obrako protagonista ere. Inork ez duela ulertzen sentipena dauka: bere adineko askoren kasuan bezala, protagonistaren bizitzaren oinarria itxarotea da, eta gauza soilak baino ez ditu desio. Pertsonaia honek badu, baina, berezitasun bat: ez duela amore ematen, eta duintasunez diharduela desioak lortzeko borrokan.

André eta Dorine lanagaz erakutsi zuen Kulunkak, posible dela berba bako maskara antzerkiagaz publikoa hunkitzea eta gogoeta eragitea. Bide horretatik jarraitzen dute Iñaki Rikarteren zuzendaritzapean. 2010ean aurkeztu zutenetik, munduko 22 herrialdetan erakutsi zuten André eta Dorine: 250 emanalditik gora egin dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!