Imanol Aguirre eta Iker Loizate: "'Gu ta gutarrak' saioan gauden denok gara apur bat 'pertsonaiak'"

Anboto 2015ko uzt. 12a, 10:00

‘Gutarrak kanpinean’ saioan buru-belarri harrapatu ditugu Imanol Aguirre eta Iker Loizate. Biek dute esperientzia ‘Gu ta gutarrak’ saioan; hasierako lotsa kendu ostean, kuadrilla jatorrenaren saria lortu du Loizatek, azken edizioan. Lotsarik gabea da, berriz, Aguirre. Karrika antzerki taldean ibili da, eta, Biologia ikasketak amaitzean, berriro helduko dio antzerkiari.


Zelan sartu zarete telebista abentura honetan?
I.L.: Non sartzen nintzen ondo jakin barik! Saioa ikusi nuen, apur bat egunera jartzeko, eta ondo hartu ninduten. Eurengatik jarraitu dut, barruan aguantatzea gaitza da eta.
I.A.: Ez nuen saioa jarraitzen.Publikora joandako batean,  Amaia kuxkuxeroak hautaproba egiteko esan zidan. Apur bat pertsonaia naiz, baina ez nuen neure burua telebistan ikusten. Azkenean telefono zenbakia utzi nuen, eta gaur arte!

‘Pertsonaia’?
I.A.: Berezia! Han gauden denok gara apur bat pertsonaiak! Harrikada txiki bat dugu...
I.L.: Zertxobait eduki behar da!

Zelakoa izan da esperientzia?
I.A.: Oso polita. Beste esperientzia bat da: telebista, kamerak... Ezezagunak bizikide dira denbora luzez, baina oso ondo joan da. Hala ere, nahiz eta lagunartean egon, tentsioa ere sortzen da, baten batek saioa utzi beharko du eta. Gutarrak kanpinean saioan ez da horrela.
I.L.: Bestelako esperientzia da, bai. Presio apur bat ere sentitu nuen, hasieran. Zu aterpetxean zaude, eta kanpoan daudenek dena beste era batera ikusiko dutelakoan zaude. Arraroa da. Erdibidean ere sartu ginen, taldeak eginda,  eta zailago egiten du horrek...

Errepikatzekoa?
I.L.: Bai! Edonori gomendatuko nioke. 12-16 urteko gazteentzako saio gisa ikusten da, baina merezi du: elkarrekin bizitzea, jendea ezagutzea, hainbat jarduera egitea... Aberasgarria da.
I.A.: Jarraitzaile eta aurkako asko ditu saioak. Baliteke saioa ez gustatzea, baina gorroto hori ezjakintasunagatik da. Gran hermano eta Mujeres y hombres y viceversa saioekin konparatzen dute, eta ez dute zerikusirik! Bestelako balioak sustatzen dira. Eredu ere bagara, eta kontuz ibili behar dugu...

Zer deritzozue horrelako ‘reality show’ saioei?
I.L.: El conquistador saiorako hautaproba egin dugu! [Barrez] Gu ta gutarrak baino reality show gordinagoa da; helburu bat dago, lehia handiagoa. Lehiatzera barik, beste mundu bat ezagutzera sartu nintzen Gu ta gutarrak saioan.
I.A.: Ez duzu hainbeste diru jokoan. Ondo pasatzea eta lagunak egitea izan da gure helburua. Inoiz ez dut ikusi reality show saiorik. Inon parte hartzekotan, El conquistador saioan parte hartuko nuke, abentura bizitzeko: Argentina ezagutu, neure burua proban jarri...

Kalean ezagutzen zaituztete?
I.A.: Bai, baina jokaera desberdina da adinaren arabera. Gaztetxoek argazki edo sinaduraren bat eskatzen dute. Nagusiagoekin ez dugu horrelakorik bizi.
I.A.: Sare sozialetan itzela da. Jaietan ere nahiko gogaikarria  izan daiteke.

Orain, ‘Gutarrak kanpinean’ saioan buru-belarri zabiltzate.
I.A.: Horrela da, gutar ugari topatzea dugu erronka. Kaleratzerik ez dugu, eta tentsioak ere jaitsi egingo dira.
I.L.: Reality gehiago ere bada; ordu gehiago grabatzen ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!