Mikel Urdangarin: "Hamazazpi urteotan ez naiz inoiz bakarrik egon taula gainean"

Anboto 2015ko ots. 19a, 09:30

Zapatuan kontzertua eskainiko du Mikel Urdangarinek Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, gaueko 22:30ean. Otsailaren 8an hasitako biraren parte da emanaldia, eta berak bakarrik joko du, taldekideen laguntzarik gabe.


Bira bat egiten duzun bakoitzean, ezin etxetik gertu jo gabe geratu.
Etxetik ez naiz pasako, baina inguruko herrietatik bai: Durango, Gernika... Hainbat lekutan joko dut, baina distantziak herri honetan oso laburrak dira.

Zer du berezi etxetik gertu kontzertu bat eskaintzeak?
Niretzat jotzea bera, etxetik gertu zein etxetik urrun, beti da berezia. Kontzertu bakoitza ospakizun bat da, eta horrela bizi ditut emanaldiak. Etxetik gertu, agian, gertutasun horrek zer edo zer berezia ematen dizu. Hala ere, gaur egun, gure kontzertu gehienak Euskal Herrian izaten dira, eta distantzia afektibo hori edo dena delakoa leku guztietan laburra da. Baina azpimarratuko nukeena da kontzertu guztiak direla berezi niretzat.

Zergatik erabaki duzu orain kontzertuak bakarka eskaintzea?
Orain sentitzen dut dela horretarako sasoia. Nire lagunek eta gertukoek badakite aspalditik eduki dudala bakarrik jotzeko ideia buruan, baina gauza bat dela, bestea dela, ez dut pauso hori eman. Diskoak etorri direlako, kolaborazioak etorri direlako edo beste edozein aitzakia tarteko, beti bazter batera utzi dut ideia hau. Aurreko biran, Jainko txiki eta jostalari hura izenekoan, hasi nintzen pentsatzen sasoia dela hau egiteko. Bestalde, lehen nire burua ez nuen hain prest ikusten, eta batzuetan hori izaten da arrazoia. Beharbada, gitarrak eta norberak osatutako bikotean konfiantza handirik ez... Edo batek daki zergatik! Baina oraingoan animatu naiz.

Arraroa da formatu honetan jotzea?
Bada arraroa, bai. Beti izan naiz bakarlaria, baina beti egon naiz taldeagaz. Hamazazpi urte hauetan ez naiz sekula bakarrik egon taula gainean. Jendeak pentsatzen du hasieran bakarrik ibiltzen nintzela, baina ez da egia, beti eduki izan dut norbait alboan. Eta bakarrik jotzearen arrazoi handi bat da sekula ez dudala horrelakorik egin; bakarlaria naizela kontuan izanda, bakarrik irteteko gogoa dut. Niretzat berria izango da, eta espero dut jendearentzat ere berria izatea.

Zer moduz biran?
Oso gustura nabil. Oso harrera ona izan dut, bete egin dira aretoak. Baina normalean ohituta nago lagunduta egotera, eta orain taula gainean eta jendearen aurrean bakarrik egoteak beste inpresio bat eragiten dit, beste era batera ikusten ditut gauzak. Hala ere, oso pozik, oso giro polita egon zen, jendea oso gainean eduki nuen. Azken finean, nire ardura kontzertu guztietan ahalik eta kontzertu indartsuena jotzea da, eta bakarrik egonez gero, oraindik ere ardura handiagoa da. Saiatzen naiz ez dadila izan kontzertu laua eta lineala, baizik eta emozioak sortzen dituena.

Aurreratu dezakezu zer aurkituko duen entzuleak Durangon eskainiko duzun kontzertuan?
Hasi naiz errepertorio bategaz, baina ezin dut asko gehiago zehaztu. Hala ere, asmoa dut beti taldeagaz jo izan ditudan abestiak jotzeko, eta berritasuna da instrumentu batzuk faltako direla. Azken finean, abesti horren jatorria erakustea da asmoa: gitarra eta ahotsa. Esan dezakedana da aspaldiko kantuak berreskuratuko ditudala eta atzera begirako irakurketa bat egiten saiatuko naizela.

Zer da horrelako kontzertuekin bilatzen duzuna?
Nik uste dut kontzertu guztietan bilatzen duzula gauza bera; hau da, komunikatzea, taula gainean zaudela zure eta publikoaren artean zubi ikusezin hori eraikitzea. Musikarion obligazioa da, beharbada, lehenengo pauso hori ematea, baina taula gainera emozioak sortzeko ateratzen gara, bestela ez dauka zentzurik. Azkenean, zuk  jendearengana heldu nahi duzu, modu on eta sakonean betiere. Taldeagaz beti izan da asmo bera, eta orain bakarka ere bai. Gertatzen dena da bakarka diskurtsoa desberdina dela. Gertuagokoa da, ni naizelako erreferente bakarra, eta jendearentzat ere irisgarritasun hori desberdina da. Orokorrean, giro ezberdina da taldeagaz jotzean edo bakarrik jotzean sortzen dena.

Disko berriaren aurkezpen moduko bat ere bada bira hau, ezta?
Bai. Eta bira honetan gauza bat egin behar dut sekula ez dudana egin. Abestiak beti erakutsi ditut grabatu eta gero. Jendeak beti ezagutu ditu abestiak taldeagaz. Orain kantuak grabatu aurretik erakutsi nahi dizkiot entzuleari, abestien sorreran, gitarra eta ahotsean. Gogotsu nago jendearengan horrek zer erreakzio sortzen duen jakiteko.

Zer itxura hartzen diozu diskoari?
Oraindik oso hastapenetan nago, eta urtebetera-edo publikatzea aurreikusten dut. Hala ere, konpromiso gabe hartu nahi dut hau, heltzen banaiz ondo, eta, bestela, hurrengo urterako utziko dut. Baina asmoa hori da, urte bukaeran disko bat osatzea, bira honetan batutako kantuekin. Beraz, ezin dizut esan zer itxura hartzen diodan. Orain ilusionatuta nago, eta irrikaz kantuak erakusteko. Nahiz eta gezurra dirudien, taula gainera bakarrik irtetea gauza berria da niretzat, eta horregaz nahikoa daukat.

Kuriositate moduan, Gasteizko zure tabernan ere eskaintzen dituzu emanaldiak.
Bai, baina oso saio informalak izaten dira, lagunartekoak. Tarteka etortzen dira musikariak formatu txikian, bakarka edo binaka, emanaldiak eskaintzera, baina nik jotzen dudanean oso modu informal eta xaloan izaten da, goizean elkarri deitu eta iluntzean jo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!