Loli Astoreka: "Estreinaldian ikusle izan nintzen, eta asko gustatu zitzaidan antzezlana"

Anboto 2015ko ots. 6a, 13:10

Gurutze Beitiaren ordez dihardu 'De cuerpo presente' antzezlanean Loli Astorekak (Zornotza, 1958). Gaur, barikua, Elorrion du emanaldia, 22:00etan Arriola kultur aretoan.

Zeure herrian, Zornotzan, eskaini zenuten joan zen barikuan emanaldia. Zer moduz joan zen saioa?
Sentimendu kontrajarri samarrak izan nituen, egia esan. Alde batetik, publikoa nahiko hotz sumatu nuen emanaldian. Baina, bestetik, txalo zaparrada beroa eskaini ziguten amaieran. Ikuslea gozatzen zebilen ala ez igartzea ez zitzaigun oso erraza egin.

Zornotzan antzezteak ilusio berezia eragiten dizu?
Oholtza da nire lantokia, nire fabrika, zelanbait, eta, emanaldia edozein lekutan izanda ere, beti saiatzen naiz ahalik eta ondoen egiten. Beti izan diet oholtza guztiei errespetua, neuk ere gozatu egiten dudalako horietan. Jendeari gure istorioa helaraztea eta iritsi zaiela ikustea da emanaldi guztietan nire helburua.

Ikusle asko biltzen ditu Glu Glu taldeak emanaldietan.
Bai, joan zen barikuan bete egin zen Zornotza Aretoa, palkoa salbu; eta aurretik Durangoko San Agustin kulturgunea ere bai. Jende askok jarraitzen du Glu Glu, jarraitzaile finkoak dauzka antzerki taldeak, eta antzezleok ere badauzkagu gure jarraitzaile finak. Glu Gluren sinadura lan onaren bermea da.

Lehen ere parte hartutakoa zara Glu Glu antzerki taldearen ekoizpenetan.
Bai, urte asko da elkar ezagutzen dugula. Esate baterako, Ama, quiero ser Lehendakari, Cocidito madrileño eta Ezker eskuma antzezlanetan parte hartu dut Glu Glu konpainiagaz.

Kasu honetan, Gurutze Beitia aktorea ordezkatzeko proposamena egin zizun Glu Glu taldeak, ezta?
Bai, eta berezia izan da hori. Ebakuntza baten ostean proposatu zidaten antzezlan honetan parte hartzea, eta oso ondo etorri zait burua beste toki batean ipintzeko. Osasun kontuak ere bideratu dira, eta orain asko nabil disfrutatzen. Gurutze Beitia aktorearen ordezkapena egiten nabil. Kasualitatez, estrenaldian ikusle izan nintzen, eta asko gustatu zitzaidan, gainera, antzezlana.

Durangaldeko antzokietan lanik egin barik denbora luzea eman duzu?
Asko ibilitakoa naiz hemen, baina egia da, Arriolan, esaterako, urte asko dela ez naizela egon. Azkenaldian, Txalo konpainiagaz nabilenez batik bat, Bizkai aldean gutxiago ibili naiz. Txaloren Hiru antzezlana, esaterako, Durangaldeari dagokionez, Zornotzan bakarrik eskaini dugu.

Zein da ordezkapenaren planteamendua? Hemendik aurrerako emanaldi guztietan ordezkatuko duzu Beitia?
Emanaldi birako zein hamarrerako izan, antzezlan honetan parte hartu gura nuen, eta zalantzarik egin barik onartu nuen eskaintza. Nire beharrizana badute, prest nago behar beste emanaldi egiteko. Baina, Gurutzek bueltatzeko aukera duenean, berak jarraitzea da justuena.

Antzezlana ikusi duen jendeak zer komentario egin dizue emanaldiaz?
Batzuk hurbildu izan zaizkigu, eta ondo pasatu dutela esan digute. Inpresio positiboa utzi digute.

Zer ezaugarri dauzka obran antzezten duzun pertsonaiak?
Banandu zirela urteak pasatu arren, senar ohiaz maiteminduta, edo ohituraren poderioz haren menpe, jarraitzen duen emakumea da. Besteen ondasunak bereganatzeko zaletasuna dauka, batez ere diruarekiko atxikimendu handia dauka. Oso izaera aldakorrekoa da: ez dakizu bakoitzean nondik aterako zaizun. Gaur egun nahiko ohikoa den izaera dauka!

Eskarmentu handiko aktore taldeagaz zabiltza obran.
Bai, elkarrekin sarri ibilitako lankideak gara. Lankideak ez ezik, lagunak ere bagara, gainera. Oso giro ona dago lantaldean, eta, norberak oholtzan disfrutatzen badu, uste dut hori publikoari transmititzen zaiola.

Jendearengana ailegatzeko, umorea da darabilzuen tresna.
Bai, eta horixe da darabilgun termometroa ere. Hainbat emanaldi egin ditugu dagoeneko, eta badakigu publikoak zer unetan egiten duen barre. Horixe espero dugu. Obrari pultsua hartu diozunean, barreak espero dituzunean ezer entzuten ez baduzu, zalantzak sortzen zaizkizu... Baina hori ere gure lanaren parte da. Ez daude berdinak diren emanaldi bi.

Oholtzatik barre eragitea gustuko izan duzu beti?
Bai, gustatzen zait jendeari barre eragitea. Eta, era beran, egia da komediarako kontratatzen nautela gehien. Nahiko aktore dramatiko ona naizela uste dut, baina komedian dihardut, batez ere.

Bestela ere, orokorrean, antzerkirako komedia asko ekoizten da azkenaldian, ezta?
Bai; beharbada, barre egiteko  beharrizana daukagu. Sarrera bat ordaintzen dute ikusleek, eta, trukean, emanaldiak iraun bitartean eguneroko arazoak ahaztu gura dituzte, eta barruak lasaitu. Ikuslea ni naizenean, esaterako, niri ere gustatzen zait antzerkian zirrara sortu diezadaten, eta hortik nire emozioak atera eta gogoetak egitea. Nire lanagaz norbaiti barrua kitzikatzen badiot, nahikoa lortu dudala uste dut.

Antzezlan honetan, errealitatean seriotasun handiz bizi ditugun egoerak komedia erregistroan ematen dituzue.
Komedia bat da De cuerpo presente, komedia-hizkuntza nahasian emandakoa. Beilatoki batean garatzen da istorioa; bihotzekoak jota hil da Bixente nire senar ohia, eta beilatokian elkartzen gara nire koinata, haren semea, azken horren neska-laguna eta neu. Giro horretan sortzen diren egoerak eta kontraesanak kontatzen ditu antzezlanak.

Zer amu baliatuko zenuke jendea Arriolara erakartzeko?
Ez da erraza norbere lanaren inguruan horrela berba egitea, baina, batez ere, esango nieke ausartu daitezela etxetik irtera, eta De cuerpo presente ikustera joatera: ez dira damutuko! Zirrara eragingo die. Barre egingo dute, edo gutxienez irribarre, eta gustura ikusiko dute! Askok, gainera, euren burua identifikatuta ikusiko dute, eta tarteka geure buruaz ere barre egitea beharrezkoa da!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!