Edonor zaintzaile izan ahal delako

Anboto 2014ko aza. 10a, 11:01

Mendekotasuna duten gaixoen etxeetan, ardura banaketaren alde egin eta guztiak zaintzaile izateko deia egin dute Zaindu programaren sustatzaileek. Normalean etxeko pertsona bakar batek hartzen du ardura hori, eta emakumea izaten da. Farmazietan banatuko dituzten poltsa batzuekin kanpaina egingo dute.

Amankomunazgoko eta Durangoko Udaleko adinekoen sailek bultzatzen dute Zaindu programa. Mendekotasuna dutenen zaintzaileei laguntza eta informazioa emateko programa da, gaixoa zaintzeko lan hori eramangarriago egiteko. Izan ere, zaintzeko ardura hartzen duenak bere bizimoduko hainbat gauza alde batera uzten ditu, aisialdia batez ere. Udalaren izenean berba egin duen Goiztidi Diaz zinegotzia ere zaintzaile izana da, eta bere testigantza eman du gaia hobeto ulertzeko. Azaldu du, sarritan bakarrik sentitzen dela zaintzailea, eta haserreak edota amorruak sortarazten dituela egoerak. Gainera, gaixoa eguneko zentroan uzterakoan ere abandonuaren errua sentitzen ohi dela adierazi du. Sentimendu horiek zaintzailearen ikuspegitik kentzeko beharra azpimarratu du Diazek. Bide horretan ere eragin gura dute Zaindu programagaz.

Programan parte hartzen duten kide bi ere egon dira aurkezpenean. Jose Luis Gorostizak zazpi urte daroaz andrea zaintzen, eta lan hori oso gogorra dela azaldu du. Nahi ez duzun egoera batean eta horretarako prestatu barik topatzen zarela esan du. Joaquina Coronadok aita zaintzen duela kontatu du, eta Zainduri eskerrak bere gauzak egiteko ordu libreak dauzkala dio. Horrek pertsonalki asko laguntzen duela uste du.

Durangaldeko farmazietan 1.000 poltsa doan banatuko dituzte, eta bakoitzak mezu bat edukiko du barruan. Horrela, mendekotasuna dutenen zaintzaile izatera animatuko dituzte herritarrak.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!