Ardi Jaia ospatuko dute zapatuan, baserria herritarrei hurreratzeko

Anboto 2014ko ira. 12a, 13:00
Artzain txakurren txapelketa aurreko edizio batean. Txelu Angoitia (Gerediaga)

Usadiozko landa munduko bizimodua herritarrei hurreratzeko asmoz, aurten ere ospatuko da Ardi Jaia. Laugarren edizio honetan eta Durangon eta Atxondon antolatu dituzte ekintzak. Egunari izena eman arren, ardiak bakarrik ez, baserriko beste arlo eta produktu batzuk ere ezagutaraziko dituzte. Gerediaga Elkartea, Dendak Bai eta Urkiola Landa Garapena elkartea dira Ardi Jaiaren antolatzaileak.


Zapatuan, beraz, Durangon hasiko da egitaraua. Goizean, baserritarren azoka ipiniko dute udaletxe aurreko plazan, eta hainbat produktu egongo dira ikusgai zein salgai. Gero, eguerdiko 12:00etan, transhumantzia erakustaldia egingo dute kaleetatik. Artzainak artaldeekin ibiliko dira, mendira egiten duten bidea islatzeko. Antzinako ogibidea erakutsi gura dute modu horretan. Frai Juan Zumarraga kaletik hasi, eta Alde Zaharrera igoko dira; gero, Askatasun etorbidetik egingo dute buelta.

Arratsaldean, txapelketa
Axpen jarraituko du jaialdiak Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketagaz. Dagoeneko, 48. edizioa izango da Elizalde inguruko landetan. 17:00etatik aurrera, artzainik onenak ikusteko aukera egongo da. Izan ere, Euskal Herriko zazpi probintzietako txapeldunek eta txapeldunordeek parte hartuko dute. Gainera, iazko garailea ere bertan egongo da, txapela defendatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!