Autobus zerbitzuak defendatzeko, “beharrezko tramite denak eta dagozkien erakundeetan egiten ari da EAJ”

Anboto 2014ko uzt. 18a, 14:31

Durango-Gasteiz eta Bilbo-Oñati autobus lineak izan ditu berbagai Durangaldeko EAJk gaurko prentsaurrekoan. Linea bietako “hutsuneekin eta murrizketekin” kezkatuta daudela adierazi dute eta horiek eman ez daitezen “beharrezko tramite denak” egin dituztela “dagozkien erakundeetan”. Gai hauetan “demagogiaz” jardutea egotzi dio EH Bilduri: “Benetan egin duten lana, lan erreala, nahiko urria da”.

 

Durangoko alkate Aitziber Irigorasek egin ditu adierazpenak, Durangaldeko herrietako EAJko kargu publiko denen izenean. Abadiñoko Eneko Etxebarria, Mañariko Jabier Arteaga eta Zaldibarko Nerea Garitagoitia zinegotzi jeltzaleak, Elorrioko alkate Ana Otadui eta Durangaldeko Amonkomunazgoko presidente Oskar Zarrabeitia (Amankomunazgoko EAJren izenean) ere bertan izan dira.

Lehenengo autobus linea bien zerbitzuak mantendu edo hobetzeko EAJk emandako urratsak gogoratu ditu. Durango-Gasteiz linearen eskuduntza Arabako Aldundiarena da eta linea horretan dauden “hutsuneak gogor zigortu ditu erabiltzaileak”. Bilbao-Oñati linearen eskuduntza Gipuzkoako Aldundiarena da eta Elorrio eta Durangoko geltokiak kendu gura ditu: “Linea horretan batez ere kezkatzen gaituena Arrasatera mugitzen den jendea da; unibertsitatera zein inguruko enpresetara joan-etorri asko dago”. 2011n Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundiek lortutako akordio bati esker, gaur egun Bizkaibus ere heltzen da Arrasatera, baina gogoratu duenez “Bizkaibusen zerbitzu hori osagarri bat da”.

Gauzak horrela, “EAJk ordezkaritza publikoa duen erakunde denetan beharrezko tramiteak eta pausuak eman ditu zerbitzuak mantendu eta hobetu daitezen”. Aldundi bietan alegazioak aurkeztu dituzte eta erantzunen zain daude. Erantzunak irailean jasotzea itxaroten dute.

EH Bilduri kritika

EH Bilduk gai hauen inguruan duen jarrerak “kezkatuta” dauka EAJ: “Gasteizerako linearen kasuan demagogia bai, baina benetako lan erreal gutxi ikusten dugu. Oñatirako linearen kasuan, kontua geuk daramagu aurrera ia esklusiboki”.

EH Bilduk Gasteizko linearen gaia Eusko Legebiltzarrera eramateko asmoa duela diote, EH Bildu buru den  Ingurugiro eta Lurralde Politikako batzordera, zehazki: “Baina batzorde horrek ez du eskunduntzarik gai horretan. Zergatik daramate batzorde horretara? Badugu ideia bat, baina ez gaude seguru; baina ez da, behinik behin, zerbitzuen hobekuntzen alde lan egiteko. Beste interes batzuk daude”. Gaiak lantzeko eskuduntza duten erakundeetan “EH Bilduk han aurkituko gaitu, baina ez eskuduntzarik ez dagoen guneetan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!