Probintzia arteko autobus lineak, EAJ eta EHBilduren tira-biretan

Anboto 2014ko uzt. 16a, 12:38

Debagoiena eta Bilbo batzen dituen linean Durango eta Elorrioko geltokiak kentzeko asmoa dauka Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erabaki hori kritikatu du Durangaldeko EAJk, eta alegazioak aurkeztuko ditu. Durangaldeko EHBilduri ere jarrera bera izateko eskatu die jeltzaleek: "Eurek gobernatzen ez dituzten erakundeei dagozkien beste gai batzuetan jartzen duten interesa ager dezatela, Durango eta Gasteiz arteko linearen aurreproiektua kasu". EH Bilduk erantzun du alegazioen alde daudela: "Modu bateratuan, alderdien gainetik, erabiltzaileen alde lan egiteko konpromisoa daukagulako".

 

Debagoiena eskualdea Bilbogaz lotzen duen linean Durangaldeko geltokiak kentzeko asmoa dauka Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gipuzkoan autobus lineen inguruan egindako parte hartze prozesu baten ostean etorri da erabakia. Durangaldea zerbitzu hori barik geratzea kritikatu du eskualdeko EAJk ohar bidez, eta Durangaldeko udaletatik geltokiak mantentzea eskatzeko alegazioak aurkeztu dituztela jakin eragin du. Durangaldeko EH Bilduri zuzendu zaio oharrean: "Defenda ditzala eskualdeko herritarren zerbitzuak, beste batzutan egin duten legez, eurek gobernatzen ez dituzten erakundeekin, Durango-Gasteiz linearen auzian, esaterako".

Durangaldeko EH Bilduk ere oharra bidali du EAJri erantzuteko. EAJri "alderdikeriaz, manipulazioaren bidetik" jokatzea leporatu dio koalizioak. Azaldu dute, Durangon, udalean alegazioa aurkezteko proposamena egin zenean alde bozkatu zutela koalizioko zinegotziek: "Modu bateratuan, alderdien gainetik, erabiltzaileen alde lan egiteko konpromisoa daukagulako". Durango-Gasteiz lineraren kasuan ere beste alderdiekin indarrak metatzeko asmoa izan dutela azaldu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiari buruz, parte hartze prozesu baten ondorio izan dela nabarmendu dute. Probintzia arteko lineak ordaintzeko garaian dauden desberdintasunak nabarmendu dituzte: Lurraldebusek Bizkaian ematen dituen zerbitzuak Gipuzkoako Foru Aldunidaren aurrekontuetatik ordaintzen dira. Bizkaibus Arrasatera eta Mutrikura heltzeko, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du dirurik jartzen, Gipuzkoakoak ordaintzen du: "Beraz Gipuzkoako Foru Aldundiari eskortzu bikoitza eskatzen dio EAJk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!