Langileak kontratatzeagatik 9.000 eurora arteko diru laguntzak bideratuko dituzte enpresetara

Anboto 2014ko uzt. 17a, 15:00
Ezkerretik eskumara: Iurretako alkate Iñaki Totorikaguena, Amankomunazgoko presidente Oskar Zarrabeitia, Elorrioko alkate Ana Otadui eta Berrizko alkate Orland Isoird

Durangaldeko Enplegu Plana diruz lagundu du Lanbidek. Horri esker, Planean sartuta dauden bederatzi herrietako enpresek zazpi langile kontratatzeko 9.000 eurora arteko diru laguntzak jaso ditzakete.

 

Durangaldeko Enplegu Planean bederatzi herrik parte hartzen dute: Abadiño, Atxondo, Berriz, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibarrek. Denen artean osatzen duten taldea Elorrioko Udalak gidatzen du gaur egun. Enplegu plan hori laguntzeko 151.000 euro jaso dituzte Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzutik. Kopuru horretako diru atal bat, 37.900 eurokoa, enpresetan enplegua sustatzera bideratuko dute. Hain zuzen, Planean dauden bederatzi herrietako enpresek 9.000 eurora arteko diru-laguntzak jaso ditzakete baldintzak betez gero. Guztira, zazpi lagunen kontratazioa ahalbidetuko dute diru laguntzek.

Hauek dira diru laguntzak jasotzeko aukera izateko enpresek bete beharreko baldintza batzuk: enpresaren egoitza bederatzi herrietako batean izatea eta gizarte-segurantzagaz eta zerga betebeharrekin egunera egotea, esaterako. Langileek aldiz baldintza hauek bete beharko dituzte: bederatzi herrietako batean erroldatuta egotea (gutxienez urte bat), langabezian egotea eta enpresen gidaritza daramaten lagunekin harreman familiarrik ez izatea. Azken sei hilabeteetan lanpostua bere erabakiz utzi dutenak laguntza hauetatik kanpora geratuko dira.

Interesatuta dauden enpresek Elorrioko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu behar dute dokumentazioa. Urriaren 17a da horretarako azken eguna. Diru-laguntzak 9.000 eurora artekoak izango dira: 3.000 euro gehienez, hiru hilabeteko egun osoko kontratuentzat, 6.000 euro gehienez sei hilabeteko (edo gehiagoko) egun osoko kontratazioentzat, eta, 9.000 euro gehienez lehen enpleguaren bila dabiltzan 35 urtetik beherako lagunak kontratatuz gero.

Diru-laguntzak zein enpresari eman erabakitzerako orduan aurkeztutako eskabide denen balorazioa egingo dute eta hainbat alderdi hartuko dituzte kontutan: enpresaren tamaina, eskatutako titulazioa, enpresaren jarduera eta kontratuaren iraunaldia, besteak beste.

Datu horiek guztiak eskaintzeko prentsaurrekoa eskaini dute gaur. Durangaldeko Amankomunazgoko presidente Oskar Zarrabeitia eta Iurreta, Berriz eta Elorrioko alkateak batu dira azalpenak emateko.

Behin behineko beste 10 enplegu sei programaren bidez

Lanbidetik jasotako zenbateko osotik 113.000 euro sei programa garatzeko erabiliko dituzte. Sei hilabete iraungo duten 10 enplegu sortuko ditu eta Urkiola Landa Garapena bitartekari dela gauzatuko da. Sei programetatik lau martxan daude dagoeneko; gainerako biak irailetik aurrera abiatuko dituzte: Berriz eta Zaldibarrerako agente zibikoak (bi kontratazio) eta eskualdeko nekazaritza produktuak ekoiztu eta promozionatzeko proiektua gauzatzea (kontratazio bat).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!