Herri-jagoleak egongo dira Berrizen eta Zaldibarren

Anboto 2014ko mar. 24a, 12:30
Sei hilabeterako hartuko dute jagole bana herri bakoitzean. Batez ere informatzea izango da jagoleen beharra; informazio lan hori udalei eta herritarrei begira egingo dute. Durangaldeko Enplegu Planaren eskutik dator ekimena.

Lanbidek emandako diru-laguntza baten bidez, herri-jagole bana egongo dira sei hilerako Berrizen eta Zaldibarren. Enplegu Planaren baitan adostu zuten Urkiola Landa Garapena izatea bi lanpostu horien kontratatzailea. Beraz, udalek ez dituzte pertsonak zuzenean hartuko, nahiz eta herrian lan egin. Hori bai, kontratuaren baldintzak bateratu dituzte.

Berrizko udalbatzak joan zen astean onartu zuen ekimena ofizialki; Zaldibarren egiteke daukate oraindik. Orain kontratazio epea hasiko da, eta ostean hasiko dira lanean jagoleak. Berrizen jagoleak izango duen beharraren funtzio batzuk azaldu zituen Orlan Isoird alkateak (EAJ). Alde batetik, "gizabidearen kontrako ekintzak" identifikatu eta udalari abisu ematea. Esaterako, zabor pilaketak edota adin txikokoei alkohola saltzea. Azpiegituraren bat kaltetuta suertatzen bada, horretaz ere informatuko du. Bestalde, udalak martxan jartzen dituen kanpainen berri ere emango du. Adibidez, birziklatzearen inguruan. Horrez gainera, udaltzaingoari lagunduko dio momentu batzuetan, eskola irteerako orduetan kasu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!