"Hamarkada oso bat hamar egun izan balira bezala joan zaigu"

Anboto 2014ko mai. 21a, 10:34
Iñigo Peña eta Iban Tarsicio Fernández Abadiñoko Traña-Matienan, Eroski ondoko pabiloietan duten lokalean.
Orain 10 urte auto lasterketetan hasi zirenetik, beti elkarrekin ibili dira Iban Tarsicio Fernandez pilotua (Abadiño, 32 urte) eta Iñigo Peña kopilotua (Atxondo, 36 urte): "Hamar urtetan kolpe serio bakarra izan dugu, eta ez dugu besterik nahi beste hamar urteetan”

Hamar urtek askorako ematen du, baina Iban Tarsicio Fernandezek eta Iñigo Peñak onartu dute konturatu barik joan zaizkiela. Tartean, podiumak (joan zen asteburuan bigarren sailkatu ziren Zornotzako rallysprintean), garaipenak eta hamaika abentura bizi izan dituzte. Ibilbideko unerik mikatzena iaz izan zuten. Rallysprint Txapelketa eskura zutela, Eibarko proban pareta jo, eta autoari kalteak eragin zizkioten: “Agur lasterketari eta agur txapelketari”, gogoratu du Tarsiciok. Durangalde Racing eskuderiagaz lehiatzen dute.

Rallysprint Txapelketa Mitsubishi EVO IX bateagaz lehiatzen ari zarete. Serieko auto bategaz alderatuta, zertan da desberdina zuena?
Iban Tarsicio Fernandez: Alde handia dago. Gureak esekidura eta balazta hobeak ditu, eta abiadura-kaxa ere berezia da. Motorra du seriekoaren nahiko antzekoa.
Iñigo Peña: Elektronika ere oso diferentea da. Abiadura-kaxa eta elektronika dira lasterketa auto bateko atalik inportanteenak. Lasterketetan horrek egiten du aldea. Euria egiten badu, edo errepidean hartxintxarra badago, autoak hobeto erantzuten du, eta hori lasterketetan egiten ditugun denboretan igarri egiten da.

Autoari aldaketarik egiteko modurik bazenute, zer aldatuko zeniokete?
IT. F.: Pisua kenduko nioke. Pisu larregi du, hori da autoak duen gauzarik txarrena. Gu barruan bagoaz, ia 1.600 kilo ditu. 300 bat kilo kentzea posible balitz, autoa bonba bat izango litzateke, baina ez da posible. Diru asko gastatu eta dena zuntzezkoa ipinita, 80 bat kilo kentzeko aukera egongo litzateke. Baina inbertsioa eskatzen du, eta ez dakigu inbertsio horri zelako errentagarritasuna aterako geniokeen.

Orain arte, zenbat auto izan dituzue?
IT. F.: Hiru izan ditugu gure ibibidean. Hasieran, Seat Ibiza bategaz hiru bat urte eman genituen. Ondorengo bost urteak Ford Escort Cosworth batekin igaro genituen, eta azken bi-hiru urteetan Mitsubishi bat darabilgu.

Denak berdin estimatzen dituzue ala badago kuttuna den bat?
IT. F.: Ford Escortari estimu berezia diogu. Seat Ibiza lehenengoa izan zen, eta estimatzen genuen, baina ezin izan genuen postu onik lortu beragaz. Ford Escortagaz, aldiz, lasterketa onak egin genituen; garaipenik ez, baina podiumak lortu genituen. Oso etapa polita izan zen.

Iban, autoekiko zaletasuna gaztetatik datorkizu?
I.T.: Txikia nintzenean, aita auto lasterketetan ibiltzen zen, eta desegite fabrika bat zuen Atxondon. 15 bat urte nituela, aitagaz hasi nintzen lanean, harik eta Hirumeten hasteko utzi nuen arte. Beraz, gaztetatik ezagutu dut automobilismoaren mundua.

Iñigo, zuri noiztik datorkizu zaletasuna?
I.P.: Niri autoak betidanik gustatu izan zaizkit, eta lasterketak ikustea ere bai. Baina mundu honetan Ibanekin murgildu nintzen. Hirumeten lankideak ginela, autoa prestatzen-eta laguntzeko eskatu zidan, eta, ondoren, kopilotu izateko. Horrela hasi nintzen.

Autoa eta kopilotua; biak ala biak ondo zaindu beharreko osagaiak dira pilotu batentzat.
IT. F..: Nire ustez, kopilotua autoa baino inportanteagoa da. Kopilotuagaz ez badago hartu-eman onik eta konfiantzarik, ez dago zereginik. Oso astiro joango ginateke.

Iban, zelan definituko zenuke Iñigo kopilotu postuan dagoenean?
IT. F.: Oso kopilotu eta lagun ona da.

Iñigo, zelan definituko zenuke Iban pilotu gisa?
I.P.: Oso pilotu ona. Segurua da. Ahalik eta denbora onena egiten saiatzen da beti, baina, ahal dela, marjina txiki bat utzita; arazorik edo kolperik izan ez dezagun, eta, era berean, erregulartasuna mantentzeko.


Kolpe batek txapelketa oso bat hondatu dezake. Zuek ondo dakizue hori.
I.P.: Iaz, ia denboraldi osoan Rallysprint Txapelketako lider ibili ginen, eta lasterketa biren faltan Eibarko rallysprintean kolpe handi bat hartu genuen. Gure ibilbideko lehenengo kolpe handia. Txapelketa hortxe amaitu zen guretzat. Azkenean hirugarren geratu ginen.

Zelan gogoratzen duzue Eibarko lasterketa hori? Non izan zenuten istripua?
IT. F..: Txapelketan lider gindoazen, baina lasterketa gutxi irabazita. Eibarren irabazteko grina geneukan, gainera ibilbidea ondo ezagutzen nuen.
I.P.: Bizkaiko Balkoia Rallya irabazi berri genuen, eta oso motibatuta geunden Eibarko rallysprintean.
IT. F.: “Gaur irabazi egingo dugu”, esan nion Iñigori. Autoen egiaztapenak egiten diren tokitik irteera puntura gurpilak ondo berotzeko astia zegoen. Dena perfektu zegoela ematen zuen. Apur bat astokilo baten moduan irten nintzen, eta lehenengo kilometroan, bihurgune luze batera lar arin sartu, eta pareta baten kontra jo genuen. Guk ez genuen minik hartu, baina autoak bai. Agur esan genien aurretik geratzen ziren lasterketa biei, eta agur txapelketari. Disgustu itzela izan zen, negar eta guzti egin genuen.

Aurten zelan zabiltzate Rallysprint Txapelketan?
IT. F.: Bigarren gaude sailkapen orokorrean. Ondo gabiltza, baina hamar urtean kolpe serio bakarra izan badugu, hurrengo hamar urteetan ez dugu gehagorik nahi. Kolpeek gastu handia eragiten dute, eta sarritan gertatzen badira, babesleak nekatu egiten dira. Erregulartasuna oso inportantea da; goian ibili eta autoa erakutsi behar dugu. Beharbada, aurten horregatik ez gabiltza hain aurrean lasterketetan. Hein handi batean erregulartasunagatik gaude bigarren sailkapenean.


Pilotu batentzto erronkarik handiena finantziazioa batzea izaten da?
IT. F.: Ez gure kasuan. Guk zortea izan dugu. Hirumeten lanean nenbilela, nire asmoa auto zahar batekin lurreko lasterketak lehiatzen hastea zen. Nagusiari laguntza eskatu nion, eta ideia gustatu zitzaion, baina lurreko lasterketak Errioxa inguruan dira, eta gehiago interesatzen zitzaizkion Euskal Herriko probak. Beraz, Seat Ibiza bat erosi, eta horrela hasi ginen. Eskerrak eman gura dizkiegu Hirumeteko Ramon eta Ignacio Madariagari, hamarkada honetan laguntzeagatik. Eurak barik gu ez ginateke hemen egongo.

Iruditzen zait kopilotuak erantzukizun itzela duela mugan dabilen autoan.
IT. F.: Kopilotuak kriston erantzukizuna du.
I.P.: Kopilotuaren lana da pilotuari segurtasuna ematea aurretik datorrenaren inguruan. Pilotuak bihurgunea imajinatu egin dezake, eta kopilotuak segurtasuna eman behar dio. Kopilotuak ezin du hutsik egin.
IT. F.: Kopilotuak huts egiten badu, gauza bi gertatu daitezke: zoro baten moduan bazoaz, kolpe itzela hartzea, edo hutsaz konturatu bazara, balaztari eragin eta moteltzea. Edozein kasutan denbora asko galtzen da.

Aurten hamarkada bete da lasterketen munduan murgildu zinetenetik. Atzera begira ipinita zer sentipen datorkizue?
IT. F.: Ez dugu sinesten hamar urte joan direnik auto lasterketetan hasi ginenetik. Hamarkada oso bat hamar egun izango balira bezala joan zaigu.

Beste hamar urtez jarraitzeko prest zaudete?
I.P./IT. F.: Bai, bai.
IT. F.: Minik hartu barik jarraitzen badugu, eta babesleek laguntzen badigute, gu aurrera jarraitzeko prest.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!