"Elkarregaz ikasten jarraitu gura dugulako sortu dugu elkartea"

Anboto 2012ko eka. 4a, 08:41

Jakinmina dute eta, orain, ikasteko denbora ere bai. Amankomunazgoak antolatutako Durangaldeko Esperientzia Institutuan (DEI) parte hartu ostean, Bizidun elkartea sortzea erabaki du jubilatu talde batek. DEIn ikasturtea amaitu dutenei proiektuaren berri eman zieten eguaztenean. Jubilatu guztiei parte hartzeko deialdi zabala egin diete

Jakinmina dute eta, orain, ikasteko denbora ere bai. Amankomunazgoak antolatutako Durangaldeko Esperientzia Institutuan  (DEI) parte hartu ostean, Bizidun elkartea sortzea erabaki du jubilatu talde batek. DEIn ikasturtea amaitu dutenei proiektuaren berri eman zieten eguaztenean. Jubilatu guztiei parte hartzeko deialdi zabala egin diete.

 

Zelan sortu da elkartea eratzeko asmoa?

Jabier Ugalde: Jubilatu nintzenean Iratxe alabak esan zidan bazuela beharra niretzat, eta Amankomunazgoko Esperientzia Institutuari buruz berba egin zidan. Hainbat berbaldi eta ikastarotan parte hartu nuen. Ikasturtea amaitzerakoan zeozer egin behar genuela pentsatu genuen.

Jose Mari Berriozabal: Jaso dugun formazio horretatik eta gure ezagutzan sakontzeko dugun gogo horretatik sortu da elkartea eratzeko asmoa. Elkarregaz ikasten jarraitu gura dugulako sortu dugu elkartea.

 

Zein ikastaro izan da gehien gustatu zaizuena?

J. U.: Denak izan dira interesgarriak, baina batez ere giza harremanei buruzkoa aukeratuko nuke. Tratu pertsonalak, dialogoak eta abar azaldu zituen psikologoak. Besteei entzuten ikasten erakutsi zigun.

J. M. B.: Josu Novo psikologoaren izena esango nizuke. Berak asko balio du klaseak emateko. Emozio eta jarreren munduan barneratu gaitu. Elkartea sortzen lagundu digu, baita Eibarko taldeko Evak ere.
Juanita Bastida: Komunikazio mailan hainbat hausnarketa egiten lagundu digu. Ez dakigu entzuten. Falta hori topatzen dut.

 

Ikasketetara bueltatzea zelan hartu duzue?

J. B.: 11 urtegaz eskola utzi eta esne partitzeari ekin nion. Gero, aukera izan nuen graduatu eta Lanbide Heziketa ikasteko. Orain beste gauza bat da.

J. M. B: Aurretik egindako ikasketekin alderatzen badugu, orain ez daukagu hainbeste ardura. Exigentzia maila norberak jartzen dio bere buruari. Ez dago presiorik ikasturtea gainditzeko. Ilusioa dugu aktiboak izateko, parte hartzeko, gure artean erlazionatzeko, ikasteko...

J. U.: Gainera, Durango, Zaldibar, Elorrio, Markina eta hainbat herritako lagunak ezagutu eta lagun taldea sortzeko balio izan digu. Aberastasun handia eman digu horrek.

 

Jubilatuta baina jarrera aktibo barik daudenei, zer esan?

J.U.: Parte har dezatela, eta batez ere etorri eta proba dezatela hau zer den.

J. B.: Pasibitatetik irten daitezela eta aktibitatean sartu daitezkeela. Ez da erreza. Zenbat ahalegin egingo genuen inguruan!

 

Bizitza osoa lanean eman eta gero egun baten jubilatzea gaitza egin zaizue?

J. B.: 2005eko ekainean gubilatu nintzenean esan nuen: “Bueno, planto. Ni nor naiz?”. Nik ez nekien nor nintzen ere. Apurka-apurka oso ondo. Bizitza osoa lanean egonda, norberarentzako denbora dugu orain. Beti arineketan, bost seme-alaba, baserria, lana...

J. M. B.: Aldaketa handia da, baina norberak ere mentalizatuta egon behar du. Jakin egin behar dugu libre bagaude beste gauza batzuk topatu behar ditugula.

 

Zeintzuk dira elkartearen helburuak?

J. M. B.: Taldearen zein norbanakoaren gaitasunak bultzatzeko ekintzak antolatzea. Pertsona nagusien marjinazioa alde batera utzi eta gizartean duten parte-hartzea handitu gura dugu.
Zertan datza zuen ekintza plana?

J. M. B.: Hainbat arlotan lan egin gura dugu: hezkuntza, kultura, osasun fisiko eta psikikoa, arlo soziala eta komunikazioa.

 

Belaunaldien arteko harremana zelakoa da?

J. B.: Peruko gazteekin bideokonferentziak egin genituenean han zelan jolasten duten azaldu ziguten. Mikrofonoa hartu eta esan nien oraingo umeek ez dutela astirik ez jolas horiekin jolasteko ezta nagusiekin lasai berba egiteko ere. Eskolatik irten eta musika, kirola, ingelesa, dantza... Gure amamak zenbat kontu kontatzen zizkigun! 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!