"Nik azalpenak eman ditzaket, baina oinarrizkoena ikasleen bizi esperientzia da"

Anboto 2014ko urt. 15a, 14:23

Munduan azken urteotan egon diren aldaketak, Durangaldeko historia, pertsona nagusiek gizartean duten papera... Gai horiek lantzen dituzte Esperientzia Institutuko ‘Gaur egungo munduan bizitzeko gakoak’ ikastaroan. Garapen pertsonala eta giza harremanak ere landuko dituzte. Atal horretako irakaslea Josu Novo Gardabera taldeko psikologoa da.

  

Laugarren urtez parte hartuko duzu Esperientzia Institutuan. Zer moduz orain artekoan?
Desberdintasun handia dago taldeen artean. Ez daukate zerikusirik. Datorren jendearen araberakoa izaten da ikastaroa, hitzaldietara hurreratzeko daukaten arrazoien araberakoa.

Perfil askotako jendea dago, orduan?
Harritu egiten nau zenbat gizon datorren. Normalean, nagusientzako antolatzen diren jarduera kulturaletan-eta, emakumeak izaten dira gehiengoa. Egungo mundua ulertzeko gakoak ikastaroan parte hartu izan duten gizon gehienak ikasketadunak dira edo erantzukizun nahiko handiko lanpostuak izan dituzte. Emakumeen artean heterogeneotasun handiagoa dago. Oso aktiboak dira, baina emakume askok ez dute ikasketak egiteko aukerarik izan; horren arantzatxoa geratu zaie; jakingura itzela daukate eta ahal izan dutenean denbora atera dute irakurtzeko, zer edo zer ikasteko... Ikasteko gogo hori datozen guztiek dute, edozein perfiletako gizon edo emakume izan.
 
Zure eskoletan giza harremanak, emozioak eta komunikazioa lantzen dituzue, besteak beste. Intereseko gaiak dira eurentzat?
Bai, noski. Beste gai batzuk, historia edo globalizazioa, adibidez, interesgarriak dira, baina justu nik ematen ditudan gaietan etxekoari buruz egiten dugu berba; euren barruari buruz, euren emozioei buruz, zelan ikasi duten emozioak adierazten edo isiltzen. Denok daukagun horri buruz hitz egiten dugu.

Eskola parte-hartzaileak dira?
Gelan eboluzio bat ikusten dut. Hasieran, postura fisikoarekin ere “ea zer datorren” esaten dutela ematen du; eskolako lehen egunaren antzekoa da. Ile urdina eduki arren, imajinatu ditzaket eskolan. Ea zer irteten den ikustera datoz. Taldeari galderak botatzen ahalegintzen naiz, eta apurka debate irekien aldeko giro bat sortzen da. Azkenean, nik teoria eta definizio batzuk ematen ditut, aholkuak, gomendioak, baina oinarrizkoena euren istorioa da, eurek bizi izan dutena. Pertsona guztiek egin dezakete ekarpenen bat, denok daukagu taldean partekatzeko moduko esperientzia eta jakinduria. Hori da aberastasun handiena: taldea bera.  

Gaiok ikasgelan lantzea nobedadea izango da eurentzat.
Bai. Harritu egiten dira ikustean diziplina bat dagoela, teoriak daudela eurek bizitza osoan sentitu dituzten gaiei buruz dihardutenak. Harremanetarako zailtasunak, besteei eman gura diegun irudia, beldur eta segurtasun eza, zelan jokatzen dugun gatazka egoeretan... Ikusten dugu denoi gertatzen zaizkigun gauzak direla, eta horrek lasaitasun moduko bat ematen du. Ulertu egiten dute zer gertatzen zaien eta lasaiago daude. Beti saiatzen naiz askatasun pertsonalaren mezua bueltatzen; azken erabakia eurena da. Obligazioen kultura oso barneratuta daukate, baina ezetz esateko aukera ere badaukate.  

Euren belaunaldiaren ezaugarri bat da betebeharrena?
Adibidez, ikastarora etortzea bera. Hitzaldiren batera joan ezin badute, planteatu egiten dute ea izena emango duten. Beti esaten dute: “Nik izena ematen badut, joateko da”. Dena bizi dute erantzukizunaren ideiatik, lanaren ideiatik. Aisialdia ere bai.
 
Duela hiru-lau urte, Esperientzia Institututik Bizidun elkartea sortu zuten. Zu eurei laguntzen ibili zara eta jarraitzen duzu eurei hitzaldiak ematen.
Elkartea ilusio eta motibazio handiagaz sortu zuten. Taldean oso gustura sentitzen ziren, hitzaldietan talde giro ona sortu zuten, eta horregatik, ikastaroa amaitzerakoan, elkartzen jarraitu gura izan zuten. Zer edo zer berezia sortu zen. Elkarte izateko estatutuak eta burokrazia kontuekin ere egin dute topo. Aurten taldea antolatzeko modua eta helburuak definitzen ibili dira.

Zelan animatuko zenuke “hori ez da nire lekua” dioen jendea?
Bizidun elkartekoek eta ikastaroa egin dutenek esan didate inoiz, lagunei ikastaroa proposatu, eta “txorrada bat izango da, zertara joango naiz, bada, denbora galtzera?”, erantzun dietela. Beste batzuek agian beldurra dute: zer edo zer galdetuko ote dieten, taldean berba egin beharko ote duten... Lantzen den guztia zerotik lantzen da eta ez da zertan aurretiaz ezagutzarik eduki. Ikasgelan ez ditu inork berba egitera derrigortuko. Honek, azken finean, ez dauka eurek ezagutu duten eskolarekin zerikusirik. Libreak dira, eta ikastaroa ez bada eurek gura zutena, edo ez badaude gustura, utzi egin dezakete. Probatu dezatela, ez dute ezer galduko-eta. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!