Jai giroan hasiko dute Olakuetarrek asteburua

Anboto 2015ko urt. 15a, 13:10

Bariku iluntzean igoko dute Donien Atxa Olakuetan. Hortik aurrera, eta hilaren 27ra arte, jai giroa nagusituko da Berrizen, askotariko ekintzaz betetako egitarau bati esker. Programa horretan galdu ezin diren hitzordu bi daude: batetik, Eskualdeko 34. Barazki eta Fruitu Erakusketa, eta, bestetik, Nekazaritza Olinpiadak.

Bihar, Olakuetako jai giroa 18:30 aldera hasiko da igartzen. Gaztetxeko batukadak kalejira egingo du, eta, gero, Sagardotegi Ibiltaria egongo da trikitilariekin. Donien Atxa 20:30ean altxatuko dute, plazan. Iluntzean pilota txapelketako finala izango dute pilotalekuan, eta, gaztetxean, kontzertuak izango dira: Distorsion eta Revolta Permanent.

Zapatuanr, erromeria eta Kubako doinuak izango dira Olakuetan. Plazan, Luhartz taldeak erromeria eskainiko du arratsaldez eta gauez. Gaztetxean jai kubatarra antolatu dute, eta kubatar jantzita joateko deia egin dute. Eguerdian, bertso bazkaria izango dute, eta Miren Amuriza eta Onintza Enbeita izango dituzte bertsotan, Maite Berriozabalen gaiei erantzuten. Gauean, musika kubatarra eta mojitoak izango dituzte Hiltegixen.

Domekan, barazki eta fruitu erakusketa egingo dute Berrizko eta Durangaldeko hainbat nekazarik probalekuan; bitartean, pilotalekuan artisauak egongo dira. Plazan, San Lorentzo eta Iremiñe dantza taldeek emanaldia eskainiko dute 13:00etan. Iluntzean, gospel musikagaz gozatzeko aukera egongo da San Antonio baselizan. Izan ere, The Upper Room taldeak kontzertua eskainiko du 19:00etan.

Astelehenean, 19:00etan nekazaritza olinpiadak egingo dituzte, eta askaria ere egongo da pilotalekura hurreratzen direnentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!