Ekaitz Barrainkua: "Berrizko mendi martxan inoiz ez da egin aurten egingo den amaierako tartea"

Anboto 2015ko urt. 8a, 11:50

Berriz Bizikletari Elkarteak herrian tradizio luzea duen mendiko bizikleta martxa antolatu du domekarako. Olakueta plazan hasiko da, 10:00etan. Izen-ematea doakoa da, eta egunean bertan egin ahalko da 08:30etik aurrera. Iazko aldia inoizko jendetsuena izan zen 800dik gora parte-hartzailegaz. Ekaitz Barrainkua antolatzaileetako bat da, eta, gainera, lasterketan parte hartuko du. 


Zenbat ibilbide prestatu dituzue?
Ibilbide bi daude aukeran; 23 eta 32 kilometroko bana. Ezarritako erreferentzia puntu batera denbora jakin batean heltzen direnak ibilbide luzera bideratuko ditugu, eta gainerakoak laburrera. Gure inguruak aukera asko ematen dituenez, urtetik urtera tarte berriak sartzen edo daudenak txandatzen saiatzen gara.

Zeintzuk dira aurtengo nobedadeak?
Inoiz ez da egin aurten egingo den amaierako tartea; Andikonatik jaitsiera desberdin bat lortu dugu; baso bidea da, eta, une batean, zelai zatitxo bat dago. Bestelakoan, Berrizen hasi eta Andikoatik Garairantz joango gara. Ondoren, iaz bezala, Maumeko tartea sartu dugu ibilbidean, baina beste toki batetik sartuko gara. Izan ere, konturatu gara, bide politak izan arren, bide estuak badira, martxan jende askok parte hartzen duenez, inbutuak sortzen direla eta ibilbideaz ez dela nahi dugun moduan gozatzen. Ondoren, Maumetik Oizerantz etorriko gara, eta Andikoatik Berrizera. Amaieran, luntxa egongo da parte-hartzaileentzat.

Lehia handia egoten da?
Ez da martxa lehiakorra, eta dirua egitea ere ez da helburua;  udalak laguntzen digu, eta martxan parte hartzea doakoa da. Berrizen mendiko bizikletan ibiltzeko zaletasuna izan dugu beti, eta helburua bizikletazaleak batzea eta ondo pasatzea da.

Zeuk ere parte hartuko duzu?
Iaz bizikletan nenbilela erori egin nintzen, klabikula apurtu nuen, eta, ondorioz, ezin izan nuen martxan parte hartu, baina aurten irteeran egongo naiz, duda barik.

Kirolari sutsua izan zara umetatik, eta ia beti bizikletari lotuta.
Gazte mailara arte Ciclos Iturriaga taldean ibili nintzen errepidean. Ondoren, futbolean hasi nintzen Berrizen. Iñaki Lejarretagaz-eta mendiko bizikletan ere ibiltzen nintzen, eta, gustatzen zitzaidanez, mendiko bizikletan hasi nintzen. Gero, gaztetan nigaz errepidean ibili zirenek Garaiko triatloi taldea sortu zuten, eta, giro ona zutenez eta probatzeko gogoa nuenez, taldera batu nintzen.

Triatloiak hainbat kirol menperatzea eskatzen du.
Bai, bai. Igeriketan, esaterako, oinarri bat banuen, baina teknikoki txarra nintzen. Baina, entrenamenduetan ordu batzuk sartuz gero, hobetu egiten da. Lehen aipatu dudan moduan, iazko urtarrilean klabikula apurtu nuen, eta horrek igeri edo korrika egitea eragotzi zidan. Gainera, kontuan hartuz gero gaur egun triatloiak antolatzeko dauden eragozpenak, eta aintzat hartuz gero nire gustukoak zirenetako asko bertan behera geratu zirela, bizikletan zentratzea erabaki nuen. Baina triatloiak ez ditut utzi. Lizentzia aterako dut, eta, beharbada, probaren batean parte hartuko dut.

Bizikletara itzuli zara, baina aurretik probatu bako espezialitatea izan duzun ziklo-krosera.
Kasualitatez izan da. Garaiko triatloi taldeko Jon Sarasua eta biok horri buruz berbetan ibili ginen. Negua luze egiten zela eta ziklo-krosa erronka polita izan zitekeela pentsatuta hasi ginen.  Ciclos Iturriagako Eneko Iturriagak lagundu digu materialagaz zein mekanikagaz.

Zelako balorazioa egiten duzu amaitzear den denboraldiaz?
Ona. Ziklo-kroseko bizikleta lehenengoz probatu nuenean, barregura eman zidan: “Ez dut lasterketarik amaituko”, pentsatu nuen. Baina, ibilian-ibilian, teknika hobetu egiten da. Ziklo-krosak teknikatik gehiago du fisikotik baino. Berrizen zazpigarren, Arbulun hamargarren eta Euskadiko Txapelketan hamaseigarren sailkatu naiz. Oso pozik nago. 2015ean ere arituko naiz. Bitartean Euskadiko Openeko lasterketak egingo ditut mendiko bizikletagaz.

Oharra: Gaur, urtarrilak 8 amaitzen da internet bidez izena emateko epea: berrizmtbmartxa.blogspot.com.es/

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!