Maiatzaren 6tik 12ra bitartean Abadiñoko herritarrek Zelaietako kaleetako mugikortasunari buruzko herri-kontsultan parte hartzeko aukera izan dute, eta udalak dagoeneko eman ditu lehenengo datuak. Abadiñoko Udaletik jakitera eman dutenez, herrian erroldatutako 16 urtetik gorako 653 pertsonak hartu dute parte, horietatik Zelaietako bizilagunen %27,32ak, beraz, emaitza loteslea izango da.
"Herritarren parte-hartzea eta inplikazioa eskertu gura dugu. Hau izan da Abadiñon egin den lehen herri-galdeketa, eta jendeak eman duen erantzuna ikusita gobernantza-estilo irekiagoaren hasiera izatea espero dugu, herritarrek parte-hartze zuzenagoa izateko tresnak eskainiz", nabarmendu du Mikel Urrutia alkateak.
Bestalde, une honetan, udal arduradunak hautestontzietan jasotako datuak biltzen eta aztertzen dabiltzala azaldu dute.