San Prudentzio jaiak

"Traña-Matienako gazteria guztia gonbidatu gura dugu Gazte Egunera, Donien Atxaren azpian dantzatzera"

Ekaitz Herrera 2024ko api. 23a, 13:18

Jaietako bigarren zapatuan gozatuko dute eurek eurentzat propio prestaturiko egunaz, baina argi dute gainerako egunetan ere kalean, jai giroan, murgilduta egongo direna. Andrea Cuesta, Itsaso Urriz, Ane Urien, Iker Bastarrika eta Eukene Bravo Traña-Matienako Gazte Asanblada osatzen duten kideetariko batzuk dira. Lehenengo hirurek 2015ean ekin zioten beste hainbat kidegaz batera Gazte Asanbladan eragiteari. Urteak joan urteak etorri, Asanbladari eutsi diote. Azken biak, ostera, heldu berriak dira. Jaietako Gazte Eguna baliatu gura dute Asanbladara kide berriak erakarri eta haize freskoa sartzeko.

Orain hutsik dauden plaza inguruak jendez eta jai giroz beteko dira laster. Gogotsu zaudete?
Eukene Bravo: Gogotsu, eta apur bat urduri ere bai. Ikerrek eta biok, adibidez, lehenengoz parte hartuko dugu Donien Atxa altxatzeko lanetan. Gainera, Gazte Asanbladan arituko garen lehenengo aldia ere izango da. Pozik gaude.
Iker Bastarrika: Gazte Asanbladan dabilen jendeagaz hasi ginen ibiltzen, eta guk geuk ere bertan sartzea pentsatu genuen. Laguntza eskaini gura genuen Gazte Eguna aurrera ateratzeko.

Aurtengoa Gazte Egunaren zortzigarren edizioa izango da. Zeintzuk ezaugarri izango ditu?
I.B.: Emakumearen presentzia indartzean egin dugu ahalegina. Ez da erraza izan, baina programaturiko ekitaldietan ahal bezainbeste emakume batzen ahalegindu gara. 
Itsaso Urriz: Gure ekintza guztietan izango da emakumea protagonista. Bai oholtza gainean egongo diren artisten artean, bai kaleratuko ditugun pregoietan.
E.B.: Aurtengo jaietako egitarauan emakumearen presentzia handirik ez dagoela ikusi dugu. Horregaitik erabaki dugu Gazte Egunean zehar, egun osoan, emakumearen presentzia bermatuta egotea. 

Zein izango da zuen iritziz Gazte Eguneko ekitaldi nagusia?
I.U.: Niretzat elektrotxaranga izaten da Gazte Eguneko ekitaldirik politena. Jende asko erakartzen du. Poteo musikatu horrek egundoko giroa sortzen du auzoko kaleetan. Bestalde, kontzertuen artean Sua daukagu, apurka-apurka arrakasta lortzen dabilen taldea. Emakumeak dira taldeko protagonista, eta segidan egongo diren musika jartzaileen artean ere emakumeak izango dira nagusi. Aurten kaleratuko dugun pregoia ere indartsua izango da. Eguerdikoa, gazte bazkariaren aurretik botako duguna, oso aldarrikatzailea izango da. Eta gauekoa, musika ekitaldien artean egingo duguna ere, ikustekoa izango da. 

Beste ekitaldi esanguratsu bat gazte bazkaria izaten da.
Andrea Cuesta: Bai. Aurreko edizioetan 200 bat gazte batu izan gara. Beharbada aurten gutxiago batuko gara, egun berean paella lehiaketa egingo da-eta merkatu plazan. 

Zelakoa da Traña-Matienako Gazte Asabladaren osasuna? Zein belaunalditako gazteek esku hartzen duzue?
I.B.: Iruditzen zait momentu honetan krisialdi moduko bat dagoela. Gazte Asanbladatik tiraka egon den kuadrillak urteetako lana egin du, baina aurrera jarraitzeko prestutasuna apaltzen dabil. Hori dela eta, jende gehiago erakartzeko saiakera egin gura dugu. Egun honetaz gozatzen dugunak gazteak gara, gure proposamenak garatzen ditugunak, lankidetza egiten dugunak. 
Ane Urien: Bai, jende gaztea erakarri gura dugu. Gaur egun Asanbladan gaudenok nagusitxoak gara eta iruditzen zait beharrezkoa dela haize freskoa, Asanbladari buelta bat ematea. Gainera, azken urteotan, Asanblada Gazte Egunaren antolaketan zentratu da, baina urteko gainerako egunetan auzoan ez dago herri mugimendurik, ez dago gazteek osaturiko herri mugimendurik. Urteak daramatzagu honetan, ekitaldiak antolatzen, kritikak entzuten, baina gero parte-hartzea apala da. Eta horrek asko erretzen du. Auzoari freskotasuna eskainiko dion Asanblada behar dugu. 2015ean hasi ginen elkarregaz antolatzen eta Gazte Eguna egiten. Hasierako urte haietatik hona gauzak asko aldatu dira. Hasieran kohesio bat sortu zen auzotarren artean, girotxo bat. Hori igarri genuen, eta uste dut aurrera begira ere inportantea dela hori mantentzea. Auzoari indarra ematen eta auzotarrak ahalduntzen jarraitu behar dugulakoan nago.

Auzolanik bako jairik irudikatzen duzue?
A.U.: Ez. Eta auzolan ezaren arriskuak ikusi ditugu jada. Auzotarren parte hartzerik barik ez dakit zelakoa izango zen jai batzordea. Gobernu talde berriak erronka handiak izan ditu, egoera berri bati egin behar izan dio aurre, eta iruditzen zait auzotarren inplikazioa oinarrizkoa izan dela jaien antolaketan. Jaien funtzionamenduan ere halantxik izango da. 

Helarazi mezua hedabide honetako irakurleei: zergaitik etorri Gazte Egunera?
E.T.: Oso egun polita izaten da. Auzoko gazteria guztia gonbidatu gura dut jaira. Elektrotxarangara, Donien Atxaren azpian dantzatzera. Oso momentu ederra izaten da.
I.B.: Ondo pasatuko dugu, eta, beraz, etorri daitezela. Modu sano batean gozatu dezatela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!