Munduko txapelketa bigarren tokian hasi du Alain Arrizabalagak

Joseba Derteano 2017ko mai. 11a, 09:31

Argazkiak: Graphotophe Christophe Lopez

Alain Arrizabalaga ate nagusitik itzuli da uretako motorren munduko txapelketara. 2009ko txapeldunak lehia albo batera utzita zuen orain bost urte izandako lesio bategatik. Baina uretako motorraren gainean akrobaziak egiteko abileziari bere horretan eusten diola erakutsi zuen joan zen asteburuan Frantzian hasi zen munduko txapelketan.

Bigarren tokian amaitu zuen, aurreikuspenak apurtuta. “Entrenamendu saioetan ondo ikusi nuen neure burua, eta horrek konfiantza eman zidan. Seigarren edo bosgarren tokian geratu nintekeela uste nuen, baina ez nuen itxaroten bigarren amaitzea”, adierazi du kirolari abadiñarrak.

Munduko txapelketa lau probek osatzen dute: Portugalgoa, Amerikako Estatu Batuetakoa eta Brasilgoa falta dira. Portugalgoa maiatzaren 19tik 21erako asteburuan izango da. Proba hori Europako txapelketako azkena ere izango da, eta Arrizabalaga bigarren doa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!